- COVID-19ak eragindako larrialdi egoeraren ondorioz, Oiartzungo Luberri Ikasgune Geologikoa eta Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa museoak itxita egon dira martxoaren erdialdetik. Baina, bigarren fasean sartzearen ondorioz, datorren asteartean, ekainaren 2an berriz irekiko dira. Bisitak aldez aurretik erreserbatu beharko dira.

Osasun baldintza bereziekin irekiko dituzte ateak. Soinuenearen kasuan, ohiko egutegi eta ordutegiarekin zabalduko dute. Bi aukera izango dira museoa bisitatzeko: audio-gidarekin (hiru euro), gehienez hamabi lagun aldi berean museo barruan; edo bisita gidatua (zazpi euro).

Kasu honetan, egunean ordubeteko bi bisita izango dira (11.30ean eta 16.30ean), gehienez ere hamar laguneko taldeentzat. Ohi bezala, zero eta sei urte arteko haurren-tzako sarrera dohainik izango da. Erretiratu, ikasle, langabetu eta familia ugariek deskontuak izango dituzte.

Luberri ere egun berean irekiko da eta museoaren ohiko ordutegia izango du. Gehienez hamar lagun sartuko dira museora aldi berean eta bisita gidatuak lau lagunekin egingo dituzte. Oiartzuarrentzako dohainik da Luberriko sarrera (gainerakoentzat, hiru euro).

Neurri bereziak izango dira museoetan segurtasuna berma-tzeko: bisitariek musukoa eraman beharko dute eta museoek eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa jarriko dute bisitarien eskura.

Ordainketak eskuz eta txartelarekin egin ahal izango dira Soinuenean, eta esku-diru justuarekin Luberrin. Egoera aldatu arte indarrean egongo dira arau berri hauek.

Oiartzunen hirugarren museo bat dago, Arditurriko Interpretazio Zentroa. Baina, meatzeen gunea bisitariei noiz zabalduko den ez dute oraindik iragarri.