- Hondarribiko alkateak, Txomin Sagarzazuk, maskararen erabileraren derrigortasuna gogorarazi du aste honetan bando baten bidez. Aginduan, alkateak betebehar honen xehetasunak argitu zituen eta, ildo horretan, edozein maskara, ahal dela higienikoa eta kirurgikoa, erabiliz gero agindua bete-tzat ulertuko dela adierazi zuen. Era berean, sei urtetik gorako pertsona orok maskara bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta erabilera publikoko edo jendearentzat irekita dagoen edozein espazio itxitan, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen arteko segurtasun tartea gutxienez bi metrokoa izatea, nahitaez erabili behar duela gehitu zuen Sagarzazuk. Hala ere, aginduak zenbait salbuespen aurreikusten ditu maskararen erabilerarako: behar bezala justifikatutako osasun arrazoiak, maskara erabilerarekin bateraezinak diren jardueren garapena eta ezinbesteko kausak edo premia egoerak.