irun - “Euskara balorerik preziatuena da”. Horixe ohartarazi zuten Irungo EH Bilduko bozeramaileak, Jokin Melidak, eta taldeko zinegotzi den Ane Unanuek, euskaren hilabetea datorrela baliatuz.

Melidak eta Unanuek azaldu zutenez, hilabete honetako udalbatzara 2018-2022 bitarteko Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eramango da. Koalizioaren jarrera “ez oztopatzailea” izango dela argitu zuten EH Bilduko kideak, baina aurrera pauso gehiago eman behar direla uste dutela argi utzi zuten: “Erritmoak azkartu behar dira, azeleradorea zapaltzeko unea da”.

“Datorren urtetik aurrera, euskara normalizatzeko plan berria landu nahi dugu prozesu parte-hartzaile baten bidez. Eragileekin batera, normalizazio plan osatu eta sakona egin nahi dugu, euskarari merezi duen tratu duina emateko”, zioten koalizio abertzaletik.

Egindako lan pedagogikoari esker, euskaren aldeko jarrera geroz eta partekatuagoa dela uste dute EH Bilduko kideek. Hala ere, inboluzio arriskuak hor jarraitzen dutela uste du taldeak eta horiei aurre egiteko biderik eraginkorrena “batetik instituzioek aurrera pausoak ematen jarraitzea dela, eta bestetik guztiok euskaraz gehiago egitea”.

Azkenik, Udal Organigrama berregiteko lanak aipatu zituzten EH Bilduko zinegotziek: “Gabonetan gure proposamena partekatu genuen udal gobernuarekin”. Organigramaren eguneraketa aste honetako udalbatzara eramango da.