Martxoan Bertsoa ekimenaren 24. edizioa gaur hasiko da, txapelketako lehen kanporaketarekin. Hurrengo bi kanporaketak martxoaren 6an eta 13an izango dira. Finala, berriz, martxoaren 28an jokatuko da Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Horretaz gain, gaztetxoen txapelketa eta Urrunetik gatoz emanaldia antolatu dituzte.

Aurtengo taldekako txapelketan bederatzi taldek parte hartuko dute. Horien artean, Antzuolako eta Legazpiko kideak egongo dira. Gaur, Zumarragako Huts tabernan, Setak (Jon Mendizabal, Amaia Iturriotz eta Martin Sagastibeltza), Santes&Co (Jon Mata, Iker Letamendia eta Gorka Santesteban) eta Xelebrek (Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta) arituko dira kantari.

Martxoaren 6an, Urretxuko Soraluze tabernan, Zirtoaroa (Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru eta Beñat Torres), Eurre (Mattin Aranburu, Mikel Salaberria eta Aitor Maleta) eta Txapia ta Tertulia (Ibai Zabalo Faran, Arritxu eta Aritz Kortabarria) taldeek abestuko dute.

Azkenik, martxoaren 13an, Urretxuko Eire tabernan, Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Tupis Tupau (Manex Mantxola, Jorge Andueza Pitu eta Jon Aztiria) eta Uxurbil (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirre) arituko dira. Kanporaketak 22.30ean izango dira eta finala 19.30ean.

Bertso eskolako kideak pozik dira ekimen honen antolaketan hainbat jendek hartzen duelako parte. “Asteroko lanetan, jende ugari gabiltza: ekipoa muntatu, gaiak sortu, epaile lanak, gai jartzaile lanak, sare sozialak… Era berean, Martxoan Bertsoako abestia egiten aritu gara, eta prozesu horretan Roser Espeltek asko lagundu digu, berak egin baititu grabaketak eta nahasketak. Bestalde, iaz bezala, aurtengo edizioko kartel ederra Maddi Mantxolak egin du. Norbanakoez gain, UZGA gazte asanbladak, Kultur Zastek eta ATA harategiak ere lagundu gaituzte aurtengo ediziorako prestaketa lanetan. Alde horretatik, Martxoan Bertsoaren osasuna ona da”, azaldu dute.

Martxoan Bertsoaren harira, urtarrilean eta otsailean bertso eskola irekiak egin dituzte ostiralero. “Badakigu kanturako urratsa ematea ez dela erraza, ariketak errazak izan arren, jende aurrean kantuan aritzeko konfiantza baita aurrebaldintza. Horregatik, bertso eskola irekiak egiten aritu gara azken hilabeteetan, horrek jende berria ekartzea errazten duela uste baitugu. Badirudi bere emaitzak eman dituela, aurten herriko bi bertsolari berri taularatuko baitira”, azaldu dute. 

Ospe gehien duen ekitaldia txapelketa da, baina Martxoan Bertsoa hortik harago doan ziklo bat da. Aurten, beste bi ekitaldi antolatu dituzte. “Martxoaren 6an, Gelatik Plazara ekimenaren barruan, hainbat herritako bertsolari gaztetxoenen kanturako txanda izango da. Taldekako txapelketatxo bat egingo dute bertso eskolako txikienek, eta beste herrietako kantukideak ezagutzeko aukera izango dute”. 17.30ean izango da, Zumarragako kultur etxean. 

Martxoaren 14an, berriz, Ekidaren Urrunetik gatoz emanaldia izango da. “Atzoko eta gaurko borrokak eta atzoko eta gaurko kantak ekarriko ditu, faxismoaren aurka egiteko, atzo bezala gaur. Kantak, bertsoak, literatura eta gehiago bilduko ditu emanaldiak. Dohainik izango da”. 18.30ean izango da, Labeaga aretoan.