Síguenos en redes sociales:

Hernaniko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio parke eolikoari

Ikatz Gane proiektuak ez duela trantsizio energetikoaren eredua errespetatzen salatu du

Hernaniko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio parke eolikoariRedaccion NdG

HernanikoUdalak iragarri du eskura dituen baliabide guztiak aktibatuko dituela Ikatz Gane parke eolikoaren proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko. Proiektua Enigma Green Power enpresak sustatu du, eta Hernaniko lurretan aurreikusten da, Aranoko mugaren inguruan.

Otsailaren 23an jarri zuten jendaurrean egitasmoa. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ikusgai jarri ditu aurretiazko administrazio baimen eskaera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura eta hari lotutako azpiegiturak.

Udalak argitu duenez, une honetan ez dago ez behin betiko baimenik, ezta egikaritze-faserik ere. “Ez da inongo erabakirik hartu”, zehaztu dute. Enpresa baten hasierako eskaera da, eta prozedura administratiboa lehen fasean dago; beraz, oraindik ez da zehaztu proiektua aurrera eramango den ala ez.

Herritarren parte-hartzea, giltzarri

Aste honetan ireki da 30 eguneko epea alegazioak aurkezteko. Testuinguru horretan, Udalak jakinarazi du txosten teknikoak egingo dituela, bereziki bioaniztasunean eta faunan izan dezakeen eragina aztertzeko, baina baita beste esparru batzuetatik ere: hirigintza, ondarea eta arlo juridikoa, besteak beste.

Udalak interesa duten herritar guztiei alegazioak aurkezteko gonbidapena egin die. Horretarako, informazio zuzena jasotzeko eta zalantzak argitzeko Udalaren komunikazio bideak jarriko ditu eskuragarri.

Era berean, argi utzi du proiektuaren gaineko eskumenaEusko Jaurlaritzarena dela; beraz, informazioa ematea eta azken erabakiak hartzea haren ardura dira, ez udalarena.

Trantsizio energetikoa eta irizpide sozialak

Hernaniko Udalaren ustez, energia-proiektuak ezin dira ikuspegi tekniko edo ekonomikotik soilik landu. Trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar dira, ikuspegi sozial eta iraunkor batetik, eta herritarren parte-hartzea bermatuko duen eredua eztabaida publikoan landu.

Udalak azpimarratu du, proiekturen batek aurrera egitekotan, gutxienez honako printzipio hauek bete beharko lituzkeela:

  • Azpiegituren kokapenari buruz herritarren eta tokiko administrazioaren ekarpenak jasotzea, balio handieneko parajeak saihestuz, hala nola baso-ekosistema baliotsuak, nekazal lur estrategikoak edo bestelako balio bereziak dituzten eremuak.
  • Tokiko enpresei, erakundeei eta komunitate energetikoei proiektuaren jabetzan parte hartzeko erraztasunak ematea.
  • Sortutako energiaren gehiengoa lurraldeko enpresa, administrazio publiko edo komunitate energetikoen esku uzteko konpromisoa hartzea, prezio justuan.
  • Klima-energia legeek ezarritako gutxienekoaz harago, konpentsazio neurriak negoziatzea tokiko erakunde eta herritarrekin, biodibertsitatearen aldeko ekimenak edo lur zaintzailetza proiektuak txertatuz, besteak beste. Jaurlaritzak jasoko lukeen kanonak ere norabide horretan jardun beharko lukeela adierazi du.

Azkenik, Udalak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela plangintza estrategikorik ez energia-ekoizpenari, ezta lurralde-antolaketari dagokionez ere. Uste du plangintza horiek funtsezko tresnak direla eraldaketa ekosozialaren testuinguruan erabakiak hartzeko eta tokiko komunitateen parte-hartzea bermatzeko.

Hernaniko Udalaren arabera, tresna horiek lehenbailehen jarri behar dira martxan, lurralde-antolaketa demokratiko eta parte-hartzailea bermatzeko helburuz.