Oiartzungo Udalak erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak mugatuko ditu
HAPOa moldatu dute bizitoki funtzioa lehenesteko eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko
OiartzungoUdalakaho batez onartu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) ordenantzaren aldaketa, erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak mugatzeko helburuarekin. Erabakia urtarrileko udalbatzarrean hartu dute zinegotzi guztiek adostasunez, eta udal Gobernuaren esanetan, etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko estrategia baten barruan kokatzen da.
Udalak azaldu duenez, neurriaren xede nagusia da etxebizitzaren funtzio bizitokia lehenestea eta turismoaren eragina kontrolpean mantentzea, fenomenoa herri-arazo bihurtu aurretik. Ildo horretan, Joana Mendiburu alkateak nabarmendu du azken urtean egindako azterketa-, diagnostiko- eta dokumentazio-lanaren emaitza dela proposamena. “Oiartzun bizi eta bizigarri baten aldeko apustua egin nahi dugu, eta horretarako beharrezkoa da etxebizitza bizitoki gisa babestea”, adierazi du alkateak.
Etxe turistikoak, lehenengo solairuan
Onartutako ordenantza-aldaketak baldintza zehatzak ezartzen ditu erabilera turistikorako etxebizitzei dagokienez. Besteak beste, etxebizitza libreek bakarrik izango dute jarduera hori garatzeko aukera, eta gutxienez 50 metro koadroko azalera izan beharko dute. Halaber, atari bakoitzean etxebizitza turistiko bakarra baimenduko da, eta lehen solairuan soilik egon ahal izango dira, betiere beheko solairuan inor bizi ez bada. Udalak zehaztu du, gainera, dentsitate baxuko hiriguneetan ez dela eskaerarik onartuko, hala nola familia bakarreko edo biko etxebizitzetan.
Neurriak ez dira etxebizitza turistikoetara mugatzen. Hotelei eta ostatu-establezimenduei ere baldintza zorrotzagoak ezarri dizkie Udalak. Aurrerantzean, eraikin osoa hartu beharko dute, eta solairukako antolaketa jakin bat bete beharko dute jarduera garatzeko. Bestalde, industria-eremuetan kokatutako proiektuei dagokienez, salbuespenezko eskaerak baino ez dira onartuko, eta kasuz kasu aztertuko dira.
Oreka bilatzen
Udal gobernuaren arabera, erabaki hauek oreka bilatzen dutejarduera ekonomikoaren eta herritarren bizi-kalitatearen artean. “Turismoa aukera bat izan daiteke, baina betiere komunitatearen beharrei kalterik egin gabe”, azpimarratu dute udal iturriek. Horregatik, araudi berriak kontrol eta plangintza handiagoa ekarriko du, eta etorkizunean egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko aukera emango du.
Ordenantza-aldaketak lehen onarpena jaso du oraingoz, eta hurrengo hilabeteetan izapide administratiboak osatuko dira behin betiko indarrean sartu aurretik. Udalak aurreratu du herritarren informazioa eta gardentasuna bermatzeko neurriak hartuko dituela, eta aldaketaren xehetasunak zabaltzen jarraituko duela. Oiartzunen, beraz, etxebizitzaren erabilera soziala lehenesteko norabidean beste urrats bat eman dute.