Lanbide-heziketako ikasle talde batek XVII. mendeko sagardo-dolare bat zaharberrituko du
‘Dolareak’ egitasmoaren barruan, eta Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko hiru ikastetxetako zurgintzako ikasleen ahaleginari esker, 400 urte baino gehiago dituen Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko dolarea berreskuratuko da
EASO Politeknikoa (EAE) eta Fédération Compagnonnique (Akitania Berria) lanbide-heziketa zentroetako ikasle talde bat Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko sagardo-dolarea zaharberritzeko lanean dabil Dolareak proiektuaren eskutik. XVII. mendeko dolarea da, urteetan zehar kontserbatu dena.
Dolareak proiektuak hiru helburu nagusi ditu: dolare zaharrak berreskuratzea eta zaharberritzea, gazteei lanbide tradizionalak irakastea prestakuntzaren bidez eta, programa eleanitz baten bitartez, mugaz gaindiko lankidetza sustatzea Euskal Herrian. Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearen arabera, “duela bost mende hasitako bidaia baten jarraipena da hau, baina ez da azken geldialdia”.
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariaren hitzetan, berriz, “haien helburuak betetzen dituen egitasmo baten adibide ona da honakoa, mugaren bi aldeetako garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzen duelako, ondarea eta hezkuntza ardatz hartuta, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez”.
Egur zaharra, historian arakatzeko
Aipatutako dolarea zaharberritu eta muntatzeko lanetan parte hartuko duten ikasleak zuzendu eta trebatzeaz arduratuko den irakasleetako bat Compagnons zentroko Iban de la Fuente izango da. “Gaur egun egurra eraikuntzan gero eta gehiago erabiltzen den arren, egur zaharra oso gutxi berrerabiltzen da. Moztu eta sutara botatzen baita. Egur zaharrek historian arakatzeko bide ematen digute, bizirik daude eta material gisa ezinbesteko garrantzia dute oraindik ere”, adierazi zuen.
Erbetegi-Etxeberri baserria bi etxebizitzatan banatuta zegoen: Goikoetxea eta Izeta familiak bizi ziren bertan. Ezagutzen den eta gorde den mota honetako dolare bakarra da Erbetegi-Etxeberri baserrikoa. Abereen indarraz mugitutako matxaka zuen, eta ardatz bikoitzeko dolareari eskuz eragiten zitzaion. Lau lagun behar izaten ziren ardatz bakoitza lanean jartzeko. Baserrian sagarra jo, estutu eta prozesu honetatik ateratako muztio gehiena Donostiako tabernetan saltzen zen. Barrikote bat betetzen zen joaldi bakoitzean, eta sagardoa prest zegoenean, auzokideak gonbidatzen zituzten hura dastatzera. Horretarako, txalaparta jotzen zuten. Goikoetxea familiak, hain zuzen ere, funtsezko papera bete zuen perkusio-instrumentu honen mantentze eta berreskuratze lanetan. Juan Mari Beltranek nahiz Joxean eta Jesus Mari Artze anaiek ere, Goikoetxeatarren eskutik ikasi zuten txalaparta jotzen.
Garbitu eta ikasi
Aipatutako hiru zentroetako ikasleek gauzatuko dituzten lanen artean, zehazki, honakoak daude: antzinako egurraren ezaugarriak eta berezitasunak ulertzen ikasiko dute; egurra garbituko dute, bere egoera ebaluatzeko; eta babes-tratamendu bat ere aplikatuko diote. Gainera, sagardo-dolare batean egurra nola kokatzen zen ikasiko dute gazteok, eta egur zaharrarekin nola lan egin irakatsiko zaie.
“Ezagutza hori transmititu nahi diegu ikasleei, gaur egun egurra tresna modernoekin lantzen baita, baina egurra zaharra denean, eskuz landu beharra dago”, erantsi zuen de la Fuente irakasleak.
Dolarea muntatu ondoren, egurra datatuko da bere iraganaren berri izateko. Eta 3D eskaneatu digital bat egingo zaio, etorkizuneko prestakuntza-materialetan baliabide didaktiko gisa erabili ahal izateko. Dolareak egitasmoari esker, hortaz, sagardoarekin lotutako gure ondarearen funtsezko pieza bat berreskuratuko da, gure kulturan eta bereziki Astigarragan errotuta dagoena. Eta, bide batez, egurrak sagardogintzan toki garrantzitsua izan duela jabetuko gara.
Temas
Más en Bertan
-
elaiEnea: excelencia, innovación y compromiso desde la Educación Infantil hasta Bachillerato
-
El canuto también tiene su día en Aretxabaleta
-
Eibar acomete la compra de los pabellones de ABC en Matxaria
-
Un bazar de Zarautz dice basta ante las burlas y comentarios racistas: "Por favor, eduquen a sus hijos"