Eguzkiñe eta Laura Garziandia ahizpa zumarragarrek haurrentzako liburua argitaratu dute
Ostegun arratsaldean Zumarragako liburutegian aurkeztuko dute eta asteartean Urretxukoan
Eguzkiñe eta Laura Garziandia ahizpa zumarragarrek Kolitas, Ena eta Pam-Pam haurrentzako liburua argitaratu dute. Eguzkiñek ipuina idatzi du eta Laurak ilustrazioak egin ditu. Liburuak hiru istorio ditu eta guztietan haurrak eta animaliak dira protagonistak.
Datozen egunetan Zumarragan eta Urretxun aurkeztuko dute. Zumarragako aurkezpena ostegunean izango da, 17.30ean, liburutegian. Gonbidapenak agortu egin dira. Urretxuko aurkezpenari dagokionez, datorren asteartean izango da: 19.00etan, liburutegian.
Eguzkiñek Gizarte Hezkuntza ikasi zuen. Horretaz gain, animaliak oso gustuko ditu. Zaldiak, batez ere. “Animaliak eta Gizarte Hezkuntza izan dira nire lan esparruak. Familiekin lan egiten dut eta familietan animaliak daude. Animaliek familietan eta harremanetan duten pisua ikertu dut”. Umetatik ditu gustuko animaliak. “Etxean beti izan ditugu animaliak: txakurrak, katuak... Gainera, zaldiekin asko ibili nintzen txikitan. Zaldiekin harreman berezia sortzen da”.
Laurari umetatik gustatzen zaio marraztea. Batxilergo Artistikoa ikasi zuen Donostian. Ondoren, Gasteizera joan zen, Zaramagako arte eskolara. “Han, goi mailako gradua egin nuen. Bukatu nuenean, makillaje artistikoa ikasi nuen, beti gustatu baitzait. Ondoren, lanean hasi nintzen. Lurrindegi batean lan egin nuen eta egun ile-apaindegi batean lan egiten dut. Marrazketa beti gustatu izan zait eta umetan Zumarragako arte eskolara joan nintzen. Ez diot inoiz marrazteari utzi”.
Liburuan hiru istorio jaso dituzte. “Lehen istorioko protagonistak bi anai-arreba dira: Peru eta Gadea. Txakur bat hartu dute animaliak babesteko elkartetik eta txakurrarekin bizitzen ikasi behar dute. Peru liskarrak dituztenean txakurra beldurtu egiten dela konturatzen da, adibidez. Horrela, lasai egotearen garrantzia ikasten dute”.
Bigarren istorioa katu bati buruzkoa da. “Protagonistak Peru eta Gadearen laguna den Yaima eta kaletik hartu duen katu bat dira. Ipuina Yaimaren eta katuaren arteko erlazioari buruzkoa da”.
Hirugarren istorioari dagokionez, beste lagun bat (Andoni) eta bere aitonaren baserriko zaldia (Pam-Pam) dira protagonistak. “Kuadrilla guztia Pam-Pam ezagutzera doa eta zaldiengana nola gerturatu behar diren ikasten dute. Animaliei esker, erlazio lasaiagoak eta errespetuzkoak lortzen ditugula erakusten dugu”.
Liburua paperean argitaratu dute, baina teknologia berriak ere erabili dituzte. “Liburuak QR bat du atzealdean. QR horren eskutik, pertsonaia bakoitzaren istorioa hobeto ezagutu daiteke. Hori ere ikastetxeetan lantzeko baliagarria da, familia eredu ezberdinak ageri baitira”.
Etorkizunera berrira, beharbada, beste liburu bat argitaratuko dute pertsonaia berdinekin. “Beharbada, nerabezaroan kokatuko ditut. Dena den, pausoz pauso joan behar gara. Liburua gazteleraz argitaratu behar dugu, harrera ikusi behar dugu... Ez denez nire lanbidea, lasai har dezaket”, dio Eguzkiñek.
Temas
Más en Bertan
-
Ines Korta, una nueva incorporación al selecto club de centenarias de Urola Erdia en este mes de enero
-
Orio actualiza y desvela el "nuevo mapa" de la gestión de residuos
-
Continúa la resaca de los presupuestos de Azkoitia
-
"Proponemos unos presupuestos más sociales y con inversiones concretas frente al proyecto de mínimos del Gobierno"