Errenteriako Emakumearen Etxean larunbatean Berdintasun Kontseiluak Errenteriako Emakumeen Aztarnak: Narrazioak II bilduma ilustratuaren aurkezpena burutu zuen. Gogorazi zutenez, 2018an, Mariasun Landa Sarien lehen zortzi edizioetan jasotako 23 lanekin Errenteriako emakumeen aztarnak: narrazioak I bilduma ilustratua argitaratu zen. 

Aurten bigarren bilduma bat argitaratzea erabaki zen, geroztik jasotako hainbat lanekin. Kasu honetan ere, Allende Arnaizek eta Idoia Beratarbidek diseinatu dute bilduma, azken honen ilustrazioekin batera.

Herriko kolektiboetako lanak

Itsaso Cruzek, Berdintasun zinegotziak, egunkari honek egindako galdereei erantzunez azpimarratu duenez, bilduman jasotako ibilbideak askotarikoak dira. “Aurreko argitalpenarekin alderatuta, berrikuntza nagusietako bat herriko kolektibo feministen historia txertatzea da: Errenteriako Emakume Taldea, Matxarda eta Emakumeen Etxea lortzeko mugimenduaren aldarrikapen historikoa ageri dira orrialdeetan. Era berean, Kontseiluarentzat bereziki hunkigarria izan da Bittori Arrieta Arregi kontseilukideari eskainitako idatzia”. Hala ere, zinegotziak azpimarra berezia egin dio lanak aurkezten dituzten herritarren ekarpenari: “Urteetan zehar egindako ahalegin horrek elikatu du, hein handi batean, Errenteriako oroimen kolektiboa”.

Argitalpenak jasotzen dituen beste ibilbide batzuk Juani Astiainsuinzarra Clementeren erretratua da. Errenteriako merkatua emakumeen plaza gisa irudikatzen duen kronika, Goiatz Labandibar Arbelaitzek sinatu du. 

Hurrengo kapituluetan, gerrek isilarazi ez zuten ahotsa berreskuratzen da Mari Tere Paskual Zapirainen bidez (Axun Ertzibengoa Aizpiolea idatzita), eta Mari Jose Molina Guerrero irakasleari eskainitako erreportajean Memorandra proiektuari buruz ariten dira (Eli Etxabeguren Aranzabal). Maite Brandariz Barralek, aldiz, kale egoeran dagoen jendea laguntzen du eta Gaztelutxo aterpetxean lan egiten du (Iñigo Legorburu Arregi). 

Arantxa Otegi baserritarraren ibilbidea jorratzen da (Arrate Arozena Mujika), eta autobuseko bolantean bidea urratzen duen emakumearen irudia marrazten da Marina Rubio Iñigoren kasuan (Axun Ertzibengoa Aizpiolea). 

Bigarren bilduma hau doan eskuratu ahal izango da Emakumeen Etxean. Beste behin, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak argi utzi du mezua: “Emakumeen historia letra larriz idazteko bidean, ez da baimenik eskatuko”.

Mariasun Landa Sariak 2010etik

Gogorazi dutenez, bilduma hauen ibilbidea luzea izan da. Izan ere, 2010ean sortu zen Errenteriako Berdintasunerako Kontseilua, helburu argi batekin: emakumeen ekarpena aitortu, ikusarazi eta herri kronikan txertatzea. Urte berean jarri ziren martxan Errenteriako Mariasun Landa Sariak, eta hamabost ediziotan zehar dozenaka izan dira sarien bidez ezagutzera eman diren emakume errenteriarrak. Bildutako testigantzek memoria kolektiboa elikatu dute, askotan ahaztuta edo bazterrean geratu diren ibilbideei izena eta tokia emanez.

Kontseiluak azpimarratu duenez, sari banaketa eta aldizkarietan egindako zabalkundea –besteak beste, Oarso aldizkariaren bidez– garrantzitsua izan da, baina beharrezkoa ikusi da beste bide batzuk urratzea emakumeen herri-kronika modu iraunkorragoan zabaltzeko.

Gainera, Udalaren ikuspegitik, lan ilustratuaren argitalpenak bat egiten du III. Berdintasun Planarekin: emakumeen ekarpena aitortu eta balioan jartzea, izen propioak argitara ekarriz eta Mariasun Landa Sarien jarraipena bermatuz. Datuak adierazgarriak dira: sariak sortu zirenetik 86 lan jaso dira; horietatik 25 sarituak izan dira. Bide horretan, bigarren bilduma honek urrats bat gehiago eman nahi du memoriaren transmisioa sendotzeko.

Amaitzeko, Berdintasun Kontseiluak deia egin die idazleei eta herritarrei, 2026ko Mariasun Landa Sarietara lanak aurkezteko epea zabalik baitago, urtarrilaren 30era arte. Helburua bera da oraindik: emakumeek beren bidea egiteko baimenik eskatu ez zutela gogoraraztea, eta gaur, memoria kolektiboan behar duten lekua ematea.