Usurbilgo Udalak eta Noaua! Kultur Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute herriko ahozko ondarea jaso eta transmititzeko helburuarekin. Akordio horren emaitza Attu! izeneko egitasmoa da, eta Euskararen Egunaren harira aurkeztu dute. Proiektuaren oinarrian herritar Arantzazu Aranbururen bilketa lana dago: urteetan zehar, herrian, bereziki adinekoen artean, oraindik entzun ohi diren hitz eta esamoldeak jaso eta Noaua!-ri helarazi zizkion. Bilduma hori gazteei hurbiltzeko proiektu gisa jaio da Attu!.
Aranburuk azaldu duenez, aginduak eta jolas-giroko adierazpenak bildu zituen koaderno batean, ahoz erabiltzen diren modu berean jasota. Kultur elkarteak proiektua garatzea erabaki zuen ondare hori desagertzen hasia zela ohartuta: belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko premia nabarmendu zuten.
Transmisiorako ikus-entzunezkoak, gazteengana iristeko bidea
Ahozko ondarea modu eraginkorragoan jasotzeko eta gazteengana iristeko, ikus-entzunezko formatuaren alde egin dute. Gazteen kontsumo-ohituretara egokituta, umorea baliatuz eta hizkuntza ardatz hartuta, zortzi pieza labur sortu dituzte. Influencer eta youtuberren artean euskarak presentzia mugatua duela ikusita, erreferentzia berri eta erakargarriak sortzea izan da helburua.
Ikus-entzunezkoak herriko gazteei aurkeztuko dizkiete aurrena: DBH3 eta DBH4ko ikasleentzako emanaldia egingo dute Euskararen Egunean, Sutegin. Noaua!-ko eta udaleko ordezkariez gain, Aranburu bera ere izango da aurkezpenean. Ondoren, sare sozialetan zabalduko dituzte bideoak, astean bi pieza argitaratuz.
Sortze-lanean herriko hainbat lagunek parte hartu dute: Ugaitz Agirre idazleak gidoiak landu ditu; Malen Arregi, Malen Azpiazu eta Ugaitz Agirre aritu dira aktore lanetan; Ixabel Agirresarobe izan da zuzendari artistikoa, eta Luis Jambrina errealizadorea.
Ondarearen katalogazioa eta ahozkotasunaren testuingurua
Proiektuko lehen urratsa Aranburuk bildutako materiala katalogatzea izan zen. Esamolde eta hitz bakoitzari testuingurua emateko asmoz, haren azalpenak bideoz grabatu dituzte, espresioak nondik datozen eta zer egoeratan erabiltzen diren jasota gera daitezen. Helburua ahozkotasunaren aberastasuna modu fidagarrian dokumentatzea izan da.
Noaua!-ren ibilbidea
1996an sortu zenetik, Noaua! Kultur Elkartea euskararen eta euskal kulturaren sustapenean erreferente izan da Usurbilen. Astero banatzen den aldizkaria, webgunea, gaztetxoentzako aisialdi zerbitzuak (Zirimara, Udajolas), kultur ekitaldien antolaketa eta argitalpenak dira bere jardunaren ezaugarri nagusiak.
Orain, Udalak 14.000 euroko ekarpena egingo du Attu! proiektua garatzeko, Noaua! elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez.
Usurbilgo Udalak babestu du egitasmoa, euskal kulturaren transmisioa eta ahozkotasuna indartzea bere 2023-2027 Legealdiko Planaren ardatzetako bat baita. Planak jasotzen du herriko euskararen corpusa sendotu, ahozko testigantzak bildu eta esamolde eta esapideen datu-basea osatzeko konpromisoa. Horren baitan kokatzen da Attu! proiektua.