Andoaingo Udalak aurkeztu du aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitaraua, Manuel Larramendi Kultur Bazkunarekin elkarlanean antolatua. Abenduaren 2tik 3ra, herritar guztiei zuzendutako jarduera kultural eta sozialak izango dira herriko hainbat gunetan, eta euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko liburu-bonoen zozketa ere abiatuko da.

Izan ere, Andoaingo Udalak 60 liburu-bonoren zozketa berezia abiatuko du, Durangoko Azokaren 60. edizioaren harira. Herritarrek abenduaren 3tik 18ra izango dute izena emateko aukera, Udaleko esteka bidez (https://labur.eus/DA_Andoain). Parte hartzen dutenek euskarazko liburu bat eskuratu ahal izango dute doan, gehienez 25 euroko balioarekin. Zozketa abenduaren 19an egingo da, 12.00etan, udaletxean. Irabazleek urtarrilaren 20ra arte izango dute bonua erabiltzeko aukera herriko liburu-dendetan, Delgado XIX eta Ernaitzan.

Informazio gehigarria Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan eskuratu daiteke, aurrez aurre, posta elektroniko bidez (euskara@andoain.eus) edo telefonoz (943 300 831).

Programazio berezia

Abenduaren 2an emango zaio hasiera programari, Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako dokumentalaren emanaldiarekin. Proiekzioa 19.00etan izango da Bastero Kulturgunean, eta ondoren solasaldia egingo da. Saioa Manuel Larramendi Kultur Bazkunarekin elkarlanean antolatu da, eta sarrerak 5 euro balio du; Ernaitza eta Stop liburu-dendetan eskuratu daitezke.

Hurrengo egunean, Euskararen Egunean, udaletxeko balkoian egun honetarako bereziki prestatutako pankarta jarriko da, Zuk eta nik, nork bestela? lelopean. Goizean zehar, herriko ikastetxeek aukeratutako euskarazko kantuak entzun ahal izango dira kaleetan. 12.00etan egingo da ekitaldi instituzionala, Goikoplazan, Larramendi eskulturaren inguruan. Aurten, euskara ikasten hasi diren herritarrak izango dira omenduak, euren konpromisoa eta hizkuntzarekiko atxikimendua nabarmentzeko.

Arratsaldean, festak jarraipena izango du Juanita Alkain plazan, DJ Asier Burgueteren Txiki Dantz saioarekin, 17.30etik aurrera. Ekitaldi honekin familien eta haur zein gazteen parte-hartzea bultzatu nahi du Udalak.