Gurutze Langarika legazpiarrak irabazi du Urretxuko Mineralogia Asteko argazki lehiaketa
Bigarren saria Carlos Mediavilla urretxuarrak irabazi du eta herriko onenari dagokiona Jesus Herasek
Ostiral arratsaldean Urrelur Mineralogia eta Paleontologia Asteko argazki lehiaketako sariak banatu ziren. Argazki onenari dagokion saria Gurutze Langarika legazpiarrak irabazi du. Bigarren argazki onenari dagokiona Carlos Mediavillaurretxuarrak irabazi du eta herriko argazki onenari dagokiona Jesus Herasek. Gaztetxoei dagokienez, argazki onenari saria Amets Karrerak irabazi du (ezin izan zen sari banaketara joan) eta bigarren argazki onenari dagokiona Irene Minerbak. Epaimahaia Javier Aguadok, Sandra Melerok eta Guillermo Murciegok osatu dute.
Langarikak urtero parte hartzen du Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Asteko argazki lehiaketan. “Urtero Legazpiko Ikatza argazki elkarteko 5-7 lagun joaten gara Urretxura. Mineralak ikustea gustatzen zaigu eta aitzaki polita da argazkiak ateratzeko”.
Mineralogia eta Paleontologia Asteko argazki lehiaketa oso berezia da. Izan ere, argazkiak toki itxi batean atera behar dira eta argia ez da egokiena. Gainera, argazkiak Ederrena pilotalekuko mineral, fosil eta harribitxien azokan atera behar dira eta, beraz, atzealdea ez da oso polita. Hori guztia dela eta, Langarikak lehiaketa horretan argazki ona ateratzea “erronka” dela esan du.
Aurten lehiaketa irabaztea lortu du eta, beraz, argi dago erronka gainditu duela. “Urtero joaten gara eta aurten niri tokatu zait irabaztea. Beti Gorka Gomezek, Carlos Mediavillak... irabazten dute”.
Lehiaketa irabazi duen argazkiko atzealdea beltza da eta argazkian mineral bat eta eguzki bat ageri dira. Esposizio bikoitzeko argazkia da. “Mineralogia eta Paleontologia Asteko argazki lehiaketan sormenak badu tokia. Mineralak politak dira, baina, argazkia landu egin behar da edertasun hori islatzeko”.
Langarikak hainbat sari irabazi ditu azkenaldian. Urte hasieran hirugarren saria eskuratu zuen El Rioja y los cinco sentidos nazioarteko lehiaketan eta duela egun gutxi, berriz, lehen saria irabazi zuen Azpeitiko argazki rallyan. Gainera, Herriz Herri txapelketaren azken edizioan laugarren postuan sailkatu zen.
Azpeitiko lehiaketan 28 argazkilarik parte hartu zuten eta Langarikak aurkeztutako bilduma izan zen onena. Udazkena, jauzia, bi kolore, argia-itzala eta lapurtua izan ziren erretratatu beharreko gaiak.
El Rioja y los cinco sentidos lehiaketari dagokionez, Errioxako Gobernuak antolatzen du. Azken edizioan 20 herrialdetako argazkilariek parte hartu dute eta 758 lan aurkeztu dituzte. Lehen bi sariak esloveniako bi argazkilarik lortu dituzte.
Langarikak aurkeztutako argazkiaren izenburua El color del vino (Ardoaren kolorea) da. Ardo on bat edatearen plazera islatu nahi zuen eta horretarako Legazpiko Xarpot tabernako Mikel Canterori bi kopa eskatu zizkion. Asteburu bat eman zuen kopekin, ardoarekin eta argiarekin lanean, nahi zuen argazkia lortu zuen arte.
Langarika oso gustura dabil argazkigintzan. “Zortzi urte daramatzat argazkigintzan eta oso gustura nabil. Argazkigintza beti gustatu izan zait. Duela zortzi urte Ikatza argazki elkarteko hastapen ikastaroa egin nuen eta, zaletasuna dudanez, aurrera egin dut. Jakinmina baduzu, hobetu egiten duzu”, amaitu du.