Síguenos en redes sociales:

Dantzan Ikasi IV. Topaketa Eibarren larunbatean

Markeskoa jauregian, Udako Euskal Unibertsitatearen egoitzan. Euskal dantza tradizionalaren arloko irakasle, dantzari, ikertzaile eta adituak bilduko dira esperientziak eta gogoetak partekatzeko

Dantzan Ikasi IV. Topaketa Eibarren larunbateanAitor

Datorren larunbatean, hilak 22, Dantzan Ikasi IV. Topaketa egingo da Eibarko Markeskoa jauregian, Udako Euskal Unibertsitatearen egoitzan.

Euskal dantza tradizionalaren arloko irakasle, dantzari, ikertzaile eta adituak bilduko dira bertan, Euskal Herriko bost lurraldeetatik etorrita, diziplinaren egungo erronkak eta intereseko gaiak mahai gainean jartzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, topaketaren helburua da “hausnarketarako eta elkartrukerako gune bat” eskaintzea, bai zeharkako gai estrategikoak, bai diziplinaren egunerokoarekin lotutako gai praktikoak lantzeko.

Esperientziak eta gogoetak partekatzen

Goizeko saioak dantza eta hezkuntza izango du ardatz. 10.00etan emango zaio hasiera jardunaldiari, Jon Sarasuaren hitzaldiarekin “Bestelako kultur hezkuntza: intuizioak, galderak eta proiektu bat”.

Ondoren, 10.30ean, Julen Agirrekeuskal dantza hezkuntza-sistemara integratzeko proposamena aurkeztuko du, eta 10.45ean, Ixone Aromak DBHko eta euskal dantzako hautazko ikasgaiari buruz ariko da.. 11.15ean geldialdia egingo da.

Atsedenaren ondoren, 11.45ean, Alaia Cachenaut dantzari eta antropologoak genero ikuspegia jarriko du erdigunean, “Sukaldetik plazara: nesken dantzarako aldarrikapenak Uztaritzeko Kaskarotetan” hitzaldiarekin.

Arabako dantzak eta Sortutakoak tradizionala

Eguerdiko atalean, ekimen berriak aurkeztuko dira. 12.30ean, Amagoia Egiluzek eta Jon Fernandezek, Indarra DT taldeko kideek Arabako dantza-taldeen azterketa azalduko dute.

Ondoren, Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak tradizionala 11 deialdian hautatutako bi proiektuak ezagutaraziko dira: Jexux Larrearen “Zalakain Argentinan” eta Patxi Monteroren “Euskal dantzako ibilbidea haurrekin” material pedagogikoa. 14.00etan bazkaria izango da.

Arratsaldeko egitaraua

Arratsaldean, 15.30ean, mahai-ingurua egingo da: Musika eta Dantza Eskoletako euskal-dantza irakasleen gaikuntza-sistema berriaz arituko dira Patxi Laborda (BilbaoMusika), Idoia Lahidalga (dantza-irakaslea) eta Josu Garate (Dantzerti, Dantzan).

16.30ean, saio praktikoa izango da Patxi Labordaren eskutik, Soka-dantzan banan-banangoa emateko hamaika modu izenburupean. Topaketa 17:30ean amaituko da, ohiko soka-dantza parte-hartzailearekin.

Udazkenera jauzi estrategikoa

Dantzan Ikasi topaketak euskal-dantzaren alorreko elkargune dira; hausnarketarako eta elkartrukerako topagunea.

Euskal dantzen alorreko gaurkotasuneko eta intereseko gaiak jorratzeko bilduko dira; bai zeharkako gai estrategikoak, baita gai praktiko zehatzak ere.

Aurreko hiru edizioak udaberrian antolatu badira ere, antolatzaileek aurten udazkeneko data probatzea erabaki dute, dantzarien egutegietan hobeto egokitzen dela ikusita.

Dantzan Ikasi programa

Dantzan Ikasi programa Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan, dantza tradizionalaren irakaskuntzan diharduten irakasleei eta beren prestakuntzan sakondu nahi duten dantzariei babesa eta tresnak eskaintzeko.

Egitasmoa Gipuzkoako Dantzagunearen jardueren baitan kokatzen da, dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskainiz.