Usurbilgo Oiardo kiroldegiak desfibriladoreak erabiltzen ikasteko beste bi formakuntza saio egingo ditu, irailaren 16an eta 17an, kiroldegian bertan. Egun bakarreko formakuntzak izango dira, hiruna ordukoak, 17.00etatik 20.00etara: doan izango dira, baina aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, galdetegi bat beteta.

Usurbilen zortzi desfibriladore daude instalatuta, baina jarrita izatea bezain garrantzitsua da horiek erabiltzen jakitea, kiroldegitik ohartarazi dutenez: “Egin dezagun Usurbil kardio-babestutako herria izatea, desfibriladoreak erabilgarri izan eta erabiltzen dakien pertsona talde konprometituarekin”.

Zortzi desfibriladore

Udalak jarritako desfibriladoreak honako lekuetan daude: kiroldegian, Harane futbol zelaian, Sutegiko arkupean, Santueneko frontoian, Zubietako frontoian, Egurtzegin (Pelaioeneara mugituko da laster), Aginagako eskola txikiaren kanpoaldean eta udaltzainen autoan. Txokoalden bederatzigarrena jartzea aurreikusia dago. Herrian gehiago ere badira, batik bat, enpresa pribatuek jarriak.

Uztailean, herritarrei eta udal-langileei zuzendutako halako bost saio egin ziren, eta 64 lagunek parte hartu zuten, guztira. Orain, irailean, herritarrei zuzendutako bi saio irekiez gain, udal-langileentzako beste bat ere antolatu dute.