Síguenos en redes sociales:

Hernanik baserri giroa erdigunera ekarriko du

Euskal jaiek aurten lau egun iraungo dute, bi asteburutan banatuta, hilaren 13tik 21era

Hernanik baserri giroa erdigunera ekarriko duFoku

Hernanikhilaren 13tik 21era Euskal Jaiak ospatuko ditu. Aurten lau egun iraungo dute jaiek, bi asteburutan banatuta. Guztira 23 ekitaldi antolatu dira. Urteroko zita honetan, baserri giroarekin eta euskal tradizioarekin lotutako kultur erakustaldiek hartzen dute herriko erdigunea. 

Euskal Jaiei hasiera emateko, irailaren 13an erromeria izango da Oinkada taldearekin Plaza Berrian. Euria egingo balu, dantzaldia Atsegindegira lekualdatuko litzateke.

Ekitaldiek hurrengo asteburuan jarraipena izango dute. Irailaren 19anErremontari herriz herri ekimenari esker erremonte partidak izango dira kiroldegiko frontoian. Gainera Okzitania eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia izango da Gudarien plazan. Euria egingo balu, Atsegindegin burutuko litzateke.

Egun nagusiak

Alabaina, ekitaldi nagusiak hilaren 20 eta 21ean, larunbat eta igandez, izango dira. Irailaren 20an, besteak beste, abeltzain azoka, baserriarekin lotutako ofizio zaharrak (ardien manexua eta ardien ile mozketa erakustaldia), herri-kirolak edota erraldoien kalejira eta topaketa izango dira herritarren gozamenerako.

Gainera, 12.00etan txakolin dastaketa egongo da Iturriaga kalean eta goi mailako bertso jaialdia izango da Biteri plazan.

Errobi musika talde lapurtarraren kontzertuak jarriko dio ginga egunari. Hortaz, Anje Duhalde eta Mixel Ducau musikari ezagunak zuzenean entzuteko aukera izango da Hernanin, dohainik.

Aitor Huizik, Kultura zinegotziak egun horretan “euskal jantziekin jantzita kalera ateratzera” gonbidatu ditu hernaniarrak.

Igandea, aldiz, sagarra eta sagardoari eskainitako eguna izango da. Sagardo dastaketa izango da goizeko ekitaldi nagusietako bat, trikitixa jaialdiarekin batera. Bestalde, 44. Pablo Lasa Artisau Azoka ikusgai egongo da Ezkiaga pasealekuan.

Arratsaldean, Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizunik berriena ikusteko aukera izango da: Haurreskolari. Dantza talde honek euskal dantza tradizionalak abiapuntu hartuta, umorezko saioak egiten ditu.

Elkarlana

Udaletik azpimarratu dutenez, “Udalak eta herriko eragileen arteko elkarlanarekin bakarra da posible Euskal Jaia”. Udalak elkarte horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkie Euskal Jaiak elkarrekin antolatzen egindako lanarengatik: Antzinako Jolasak taldea, HENASE, Goiz Eguzki abesbatza, Hernani Musika Eskola, Hernaniko bertso eskola, Hernaniko Herri Musika Elkartea, Hernaniko Musika Banda, Hernaniko sagardogileak, Herburu erraldoi eta buruhandi konpartsa, Herrilur kontsumo taldea, Kantuz abesba-tza, Kaxko auzo elkartea, Ozenki abesbatza, Pilota eta Pala Kirol elkartea, San Joan konpartsa eta Santa Barbara elkartea.

Egitarau osoa eskuratu nahi duenak, datorren astetik aurrera toki hauetan jaso ahal izango du: Biteri Kultur etxea; Euskararen Faktoria (Larramendi, 11); Haur, Nerabe eta Gazteria saila (Aristizabal, 7); Hernaniko Zerbitzu Sozialak (Sandiusterri, 1); Herritarren Harrera Zerbi-tzua (udaletxea); Kulturarteko Plaza Feminista; osasun etxea; Plazara gunea (Gudarien plaza, 5); udal euskaltegia (Karobieta, 63); udal kiroldegia; Zikuñagako Libgunea eta Ereñotzuko udaletxea.