Oiartzunen Poesia Egunak ospatuko dituzte hilaren 5etik, ostiraletik, hilaren 11ra arte. Lehenengo bi egunetan Landetxen emankizunak izango dira eta sarrerek bost euro balio dute. Antolatzaileak 1545 argitaletxea, Hitzen Lihoa eta Metrokoadroka kolektiboa dira eta Oiartzungo Udalaren laguntza jasotzen dute.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Poesia Egunak izen horrekin plazara iaz etorri baziren ere, 2020tik antolatzen ari dira ekimena, pandemiaren ondorenetik, hain zuzen ere. Forma, izen eta egitarau askotarikoa eskaini du urtez urte, eta naturalki joan da antzaldatzen, beti ere poesia erdigunean jarrita eta diziplina artistiko ezberdinei eta esperimentazioari tokia eginez. 

Gogora ekarri dutenez, Oiartzungo ekimenak Eako Poesia Egunak izan ditu inspirazio iturri, eta hark utzitako hutsunea. Ean bezala Oiartzunen ere, naturarekin erabat konektatutako egitaraua antolatzen da, auzolanean eta hainbat elkarteren arteko lankidetzan

'Etxea' gaia

Gai bat izan dute orain arteko Poesia Egunek erreferentzia, Hernaniko kale literatura ekimenak sortutako antologiak baliatuz egin zituen ekimenak lehenengo urtean baina azkeneko bi edizioetan gai baten bueltan antolatzaileek berariaz osatzen dute antologia. Aurten, Etxea gai hartuta gauzatuko da ibilbide poetikoa.

Honenbestez, bosgarren Poesia Egunek kultur komunitatea etxe bat dela aldarrikatuko dute, euskara teilatupea izanik, eta etxe honek ateak zabalik dituela behar duen ororentzat. Etxea hitza ardatz hartuta poemak idatziko dituzte, irakurriko dituzte eta poesia herritarren etxeetara eramango dute. 

“Poesia Egunak saretuta antolatzen ditugun kolektiboek eta pertsonek ere etxe bat izan gura genuke, halakorik behar duenarentzat; aurreko edizioetako herritarren parte-hartze handia ere etxe bat izan da denontzat, Oiartzungo eta inguruetako kulturzaleentzat”, azpimarratu dute.

Bosgarren edizioa

“Bosgarren aldiz eramango dugu kultura kalera, etxe bateko atea bi aldeetara zabaltzen dela gogora ekarriz: kalea ere kulturarena dela aldarrikatuz. Kulturaren etxean teilatuari eusten tematzen garenontzat, agian, “kultura” eta “politika” elkarrekin doazen bi hitz direla gogorarazteak egiten duelako posible, zure etxeko errepublika independente posible bakarra”, argudiatu dute.

Etxea hitzak hamaika esanahi edo kontzeptu izan ditzake: “Etxea ez da ezer, baina etxea dena da. Etxea hotzetik babesteko sortu zen, zure ondasun apurrak gordetzeko bide, maite duzun jendearekin elkar zaintzeko espazioa. Baina etxea, horrexegatik beragatik, izan daiteke guztiz kontrakoa ere: ihesbide zaileko presondegia, atea zabalik duen kaiola, tratu txarrak jasaten dituenaren-tzat”.

Gaineratu dutenez, “etxeak babesa ematen dizun teilatupea behar luke, mundu honetan lasai lo egin daitekeenaren promesa; azkenaldian, Palestinan bezala munduko beste hainbat lekutan, ordea, kontrakoa ere ikusi dugu. Bota dezakeela norbaitek etxea zure gainera, edo beti okerragoa dena, maite duzun horien gainera teilatupe oso bat”.

Baina, “beti dago edonon pertsona multzo bat etxearen jatorrizko zentzura bueltatu nahi duena. Begiratu besterik ez dago, gatazka orotan topatuko duzu gatazka horren beste aurpegia erakusten dizun jendea”, amaitu dute.

Egitaraua

Irailak 5, ostirala:

17:30ean: Tantai esperientzia sonoroa, Putxutxoerrekan. (Ainara Lasa).

19:00etan: Heriotzak Eduardo du izena. Poesia ez-errezitala. Formol Laborategia.

Landetxen. Sarrera: 5 euro

Irailak 6, larunbata:

11:00etan: Ergoienetik Ergoienera, ibilbide poetikoa.

14:00etan: bazkaria Auzokalten. Sarrera 10 euro. Erreserbak: poesiaegunak@gmail.com

18:30ean: Etxe bat poesia errezitaldi musikatua. (Yolanda Arrieta eta Peru Galbete).

Landetxen. Sarrera: 5 euro

Irailak 8-9-10:

19:00etan: Poeta bat zure sukaldean. Errezitaldiak herritarren etxeetan. (Harkaitz Cano, Itziar Ugarte, Jose Luis Otamendi).

Irailak 11, osteguna:

19:00etan: Haur eta gazteen poesia emanaldia Iturriozko Dorretxean.