Guztion Alardeak aurrera jarraitzen du 'Jaiak Elkarrekin' proiektuarekin. Joan den astean abiatu zen egitasmoa, eta hurrengo hitzordua ostiral honetan, abuztuaren 8an, izango da Kasino Zaharrean, arratsaldeko 16.30etik aurrera.
Ekitaldiaren ardatza mural herrikoi parte-hartzaile bat izango da, eta hiru emakume artista hondarribiarren gidaritzapean egingo da: Julia Lasa, Maore Sagarzazu eta Naiara Goikoetxea. Guztion Alardeak jakinarazi duenez, muralaren bidez “jaiak eta Alarde Eguna bakean eta elkarrekin bizitzeko nahia” irudikatu nahi da.
Arratsalde osoa
Muralaren inguruko jarduera arratsalde osoan luzatuko da, eta giroa laguntzeko musika egongo da eta edaria eta janaria eskainiko dira. Gainera, mural partekatu horretan oinarrituta kamisetak egingo dira, ostiralean bertan enkargatu ahal izango direnak.
Ekimenaren baitan, Alardeko konpainia ezberdinetan soldadu gisa parte hartzeko izena emateko aukera egongo da oraindik. Guztion Alardeak adierazi duenez, “guztion esku dago gatazka gainditu eta jaiak elkarrekin ospatzeko aurrerapausoak ematea”, eta dei egin diete “konponbidearen alde” dauden hondarribiarrei ostiralean Kasino Zaharrera hurbiltzeko.