‘A la yuklak, golpian bat’ erakusketak sagardoaren eta sagardotegien bilakaera ekarriko du Hondarribiko Arma Plazara
Astigarragako Sagardoetxea museoak antoaltuta, abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik
Gaur arratsaldean zabalduko da Astigarragako Sagardoetxea museoak antolatuta. 'A la yuklak, golpian bat' erakusketa HondarribikoArma Plazan. “A la yuklak, golpian bat!” sagardoa trago bakar batean edatera gonbidatzen gaituen esaldiak mendeetako usadioa gordetzen du, eta erakusketa honek sagardoaren eta sagardotegien bilakaera aztertzen du 200 urteetan zehar, txotxaren errituak sagardoaren aisialdia nola eraldatu duen erakutsiz, tradizioa bizirik mantenduz eta garai berrietara egokituz.
Erakusketaren helburua XIX. mende amaierako sagardotegiei lotutako aisialdia ezagutaraztea da, non joko tradizionalak, boloak, toka zein bertsolariak sagardotegietako giroaren parte esanguratsua ziren. Gainera, txotx errituaren jatorrian ere sakontzen du, gaur egun sagardotegietako aisialdiaren osagai nagusia dena.
Erakusketaren xehetasunak
Sagardoetxeak sagardoaren kulturarekin lotutako eduki berriak zabaldu nahi ditu erakusketa honen bidez, garai hartan sagardotegiak nolakoak ziren eta gaur egun arte nolako bilakaera izan duten erakusten duen ikuspegi historikoa eta kulturala eskainiz.
Erakusketak hamar azalpen-panel izango ditu, bisitaria sagardotegien historian zehar gidatuko dutenak XIX. mendearen erdialdetik gaur egun arte, bi etapatan antolatuta: lehenengo etapa, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera; eta bigarren etapa, XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arte. Halaber, 'Txotxaren erritua' bideoaren proiekzioa izango da ikusgai, XIX. mendearen amaierako sagardotegiak nolakoak ziren ezagutzeko aukera emanez.
Erakusketa sagardotegiekin eta sagardotegietako aisialdiarekin erlazionatutako objektu eta pieza etnografikoekin osatuko da: koadroak, boloak, toka, saskiak, eta abar. Gainera, QR kodeen bidez kontsulta daitekeen informazio digitalak bisitariari erakusketaren informazio gehigarria kontsultatzeko aukera emango dio.
Erakusketa abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik, eta gaur arratsaldean, 18.00etan, Lourdes Odriozola historialariak bisita gidatua eskainiko du, erakusketaren edukiak eta sagardotegietako aisialdiaren bilakaera xehetasunez azaltzeko.