Usurbilgo udal Gobernuak 2023-2027 legealdi erdiaren balantzea egin eta, Legealdi Planean jasotako 120 neurrietatik eginda edo martxan jarri dituen proiektuak 74 dira; hau da, planaren %62. Gainera, aurreikusiak ez zeuden beste 34 neurri gauzatu dira. 

“Beraz, hitz gutxitan, esan dezakegu lehen bi urte hauek oso emankorrak izan direla”, nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurkezpenean. Gainerako neurriei dagokienez, beste 28 hurrengo bi urteetan gauzatzea aurreikusten du udal Gobernuak, eta beste 15 ez dira egingo, “ia seguru”, onartu zuen.

Misioak

Legealdia hasi berritan osatu zuen udal Gobernuak 2023-2027 legealdirako bide-orria. Hala, 120 neurri berri jaso zituzten legealdiko planean, “herri gisa finkatutako misioei erantzuteko, eta, bide batez, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko”, esan zuen.

Solaberrietak nabarmendu zuenez, legealdiaren lehenengo zatian aurrekotik zetozen hainbat proiektu edo obra bukatzearekin batera, beste hainbat egitasmo egonkortu edota martxan jartzeko lehen urratsak egin dira: Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa zabaltzea, Pelaioenea irekitzea edo N-634 errepideko Kalezarko autobus geltoki berria eta hori Egurtzegirekin eta Kalezarrekin lotzen dituen igogailua abian jartzea.

Turismoa eta zaintza

Martxan jarritako proiektu garrantzitsu bat 650 Usurbil Bizi turismo eskaintza da. Usurbilgo identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako dago. “2022ko udazkenean aurkeztu genuen, eta legealdi berrian proiektua egonkortu da, dinamizazioaren lizitazioa Noauak eskuratuta. Horren adierazgarri dira datuak: 2023an, 59 bisita egin ziren, eta 479 pertsona etorri ziren Usurbil ezagutzera; 2024an, 60 bisita egin eta 700 bisitari izan ziren” gogorazi zuen. Kulturgunearekin eta Usoa Zumetarekin elkarlanean, Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren harira osatutako egitarau zabala nabarmendu zituen.

Indarrak jarri diren beste esparru bat zaintza izan da. Azpimarratu zuenez, bospasei urteko gogoeta kolektibo eta komunitario zabala egin ostean, Usurbil herri aitzindaria eta eredu da, zaintzaren alorrean: pertsona ardatz duen arreta eredu propioa eraiki da, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko eta tokiko zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko helburuz. 

Hain justu, 2025eko martxoaren 29an Sutegin egin zen ekitaldian aurkeztu zituzten Usurbilgo zaintza eredu berria eta zaintza ekosistema, norbanako bakoitzarentzako bizi plan bat osatzeko bokazioa oinarrian dutena. Une honetan, beste bi proiektu berri ditu udal-gobernuak martxan; etxez etxeko eredu berri bat osatzea eta Egurtzegin dauden bizi osorako etxebizitzak zabaltzea (irailean egin ahal izatea aurreikusten da).

Bestalde, Usurbil harrera herri izateko bidean, herrira bizitzera etorritako edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko HarEman mentoretza sozialerako egitasmoa martxan jarri da, baita aholkulari-tza juridikorako zerbitzua ere.

Udaletik jakinarazi dutenez, irailean aldizkari bat banatuko da proiektuen egikaritze mailarekin.