Bi-Tartean merkatari elkarteak Udako Azoka egin zuen atzo Urretxuko Gernikako Arbola plazan eta establezimenduen aurrean. Gune bateratuan parte hartu zuten merkatariak Urretxuko Gernikako Arbola plazan bildu ziren eta beraien dendetan parte hartu uzten merkatariekin batera bi herriak hartu zituen azoka handi bat egin zuten.

Udarako proposamenak, eskaintza bereziak, piknik giroa, janari eta edari postuak, food truck-ak eta musika izan ziren. Gainera, egun osoan zehar egin ziren erosketa guztien artean erosketa baleak zozkatu ziren. Eta goizean Gernikako Arbola plazan lehen 100 erosketak egin zituztenei edariengatik trukatzeko tiketak eman zizkieten. Arratsaldeko lehen 100 erosketak egin zituztenei food truck-etan erabiltzeko tiketak oparitu zizkieten.

Azokan Itxura, Bidegorri, Kotoi, Polita, Marai&NKN, Mentxu y Yone, M y M, Opticalia Urretxu, Stylo, Titare, Aspace, Quo, Otxaran, Punto Ahorro, Tamimi Halal eta Arkupe establezimenduek jarri zuten postua. Dendetako produktuak kalera atera zituztenak, berriz, Intersport Loramendi, Julita, AM, Oskarbi, Xarmanki, Doss, Amane, Arku, ATA, Baby, Inaxio, Natalietta, Kizkur, Urdangarin, Santa Cruz, Urbe, Laskurain, Julen, Ezpeleta, Naif eta Josune izan ziren.

Urretxu eta Zumarraga azoka handi bat bihurtu ziren. Kalean ibiltzeko eguraldi bikaina lagun, herritar askok bi herrietako kaleetan dendaz-denda paseatu zuten eta ondoren Gernikako Arbola plazako postuetara joan ziren. Bai dendetan eta bai postuetan, denetik aurkitu zuten. Guztia, prezio ezin hobean: edertasun produktuak, kirola egiteko arropa, haurrentzako arropa, emakumeentzako eta gizonezkoentzako arropa, haur jaio berrientzako produktuak, betaurrekoak, ilerako produktuak, mertzeria produktuak, zapatak, janaria, osagarriak...

Merkataritza-gune onenean bezain eskaintza zabala eta ona, baina aire librean: askoz ere osasuntsuagoa eta atseginagoa. Merkataritza-guneetan bezala, janaria eta edaria eskaini zuten indarrak osatzeko. Baina alde ederra dago Urretxuko Tamimi Halal harategiko eta merkataritza-guneetako hanburgesen artean...

Eta alde ederra dago merkataritza-guneetako kafetegi itxien eta Bi-Tarteanek Gernikako Arbola plazan muntatu zuen terrazaren artean! Chill out gunea eta guzti muntatu zuten, lasto fardoekin eta kuxinekin.

Primerako produktuak prezio ezin hobean, kalitatezko janaria eta edaria, terraza dotorea... herritik irten gabe! Autoa hartu gabe, kutsatu gabe, errepidean bizitza arriskutan jarri gabe, errepidean denbora galdu gabe...

Eta hori guztia gutxi balitz, oraindik oporretan zer egin erabaki gabe zutenek Urretxuko Barraskilo Autokarabanak enpresaren eskaintza ezagutzeko aukera izan zuten.

Beste behin, Urretxu eta Zumarragako merkatariek herriari bizia eman zioten. Bi-Tartean elkartearen Udako Azoka: hori bai merkado ona!