Andoainek aste honetan, sei egunez, ekainaren 20tik 25era, ospatuko diren San Juan jaien egitaraua aurkeztu du. Festa hauen ikurra eta berezitasuna Axeri dantza da, baina aurten inoiz baino presentagoa egongo da. Izan ere, ohitura hau berreskuratu zela 50 urte betetzen dira 2025ean eta 25 urte emakumeek parte hartzen hasi zirenetik.
Hortaz, aurten San Juan eguneko dantzaz gain, ondoren urte guzti hauetan parte hartu duten axeriekin eta herritarrekin urteurren hau eta sanjuanak ospatzeko bazkari herrikoia izango dute Lasalle Berrozpe ikastetxeko jolastokian. Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Folk musikariek girotuko dute bazkalostea eta arratsaldea.
Urteurreneko ospakizunak
Hori gutxi balitz, ekainaren 20an sanjuanei hasiera ofiziala emateko pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko dute udaletxeko balkoitik.
Urteurrenak ospatzeko ekitaldiak otsailean hasi ziren: “Puska Biltzean aritu ginen Goiburu auzoan inauteriei ongi etorria emanez. Martxoaren 8ko egitarauaren barruan mahai-inguru interesgarria izan genuen, emakumeek Axeri dantzan izan duten parte-hartzearen inguruan solasean aritu ginelarik. Maiatzean, 50 urte hauetako historia biltzen saiatuko gara Basteroko erakusketa gela gorriz margotuz”, adierazi zuten dantzariek erakusketaren aurkezpenean.
Urteurrenak borobiltzeko azken bizpahiru urtetan ehuntzen ari diren ikus-entzunezko bat aurkeztuko dute.
Musikak indar berezia
Axeri dantzaz gain, aurten esfortzu berezia egin dela musika eskaintzan nabarmendu zuten: hilaren 20an, Nafarroa plazan, Brigade Loco (23.00) eta Crim (1.00) arituko dira; 21ean, Olgetan Goikoplazan ( 22.45) eta Nueva Etapa orkestra Nafarroa plazan (22.30); 22an, Mingo Fisuras Goikoplazan, Süne (22.30) eta Garaiko, Pires eta Chanca DJak (1.00) Nafarroa plazan; 23an, Nogen (23.00) eta Garaiko, Pires eta Chanca DJak (1.00) Nafarroa plazan; 24ean, Trikidantz taldeaNafarroa plazan (21.00) eta amaitzeko, 25an, Puro Relajo Goikoplazan (21.00).
Bestalde, jaien aurkezpenean udal ordezkariek aditzera eman zutenez, “sanjuanak elkarrekin ongi pasatzeko eta gozatzeko egunak dira, baina baita ere herriaren nortasuna ospatzeko eta elkarrekiko harremanak sendotzeko une bereziak”.
Egitarauaren banaketa
Hilaren 13tik aurrera hasiko dira egitarauaren etxez etxeko banaketarekin; gainera, ekainaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri ale batzuk Bastero kulturgunean eta udaletxeko Atarian agortu arte. Guztira 6.500 ale argitaratu dituzte paperean.
Digitalean, berriz, https://labur.eus/SanJuanak2025 helbidean aurkitu ahal izango da informazio guztia. Horrekin guztiarekin, jaiak nola bizi dituzten partekatzeko gonbita luzatu nahi zaie herritarrei sare sozialetan #Sanjuanak2025 traola erabiltzen euren Instagrametan partekatzen dituzten argazki nahiz bideoetan, kontakizun kolektiboa egiteko helburuarekin.
Parte-hartzearen garrantzia
Azkenik Udalak nabarmendu zuenez, jaiak partaidetzan oinarritzen dira. “Eskertzekoa da oraingoan parte-hartzea eta inplikazioa inoiz baina handiagoak izan direla”, azpimarratu zuten.
Izan ere, ondorengo elkarte guztiak aritu dira aurten ere lanean egitarau zabala eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatzen eta euren eginkizuna azpimarragarria eta ezinbestekoa da jaietarako: Agustin Leitza elkartea, Aita Larramendi ikastola, Alberto Agirre Abesbatza, AMPA Ondarreta herri eskola publikoa, Andoaindarra elkartea, Andoaingo Punttuka bertso eskola, Auzoetako jai batzordeak, Andoaingo Axeri dantza elkartea, Joseba & Bakartxo dantza eskola, Enderen Jokoak elkartea, Gazte lokala, Gazteleku pilota elkartea, Apeztegi-Zaharra elkartea, Klaap dantza eskola, Lasalle-Berrozpe ikastetxea, Lebiton buruhandi eta erraldoien konpartsa, Maizorri txalaparta elkartea, Olagain txistulari elkartea, Ongietorri Andoainera, Ontza elkartea, Txirrindulari eskola, Udal Musika eskola, Urki dantza taldea, Agustín de Leiza Xake elkartea eta Zumeatarra elkartea.