Imuntzo eta Belokiren kontzertua izango da larunbat gauean Herriko plazan, 21:30etik aurrera.
Protagonista nagusiak Imuntzo eta Beloki trikitilariak izango dira eta bidelagun izango dituzte Sahatsa Dantza Taldea, Maider Ansa, Iraia Bereziartua eta Ein GO taldea.
EITBn grabaketa
Emanaldia EITBk grabatuko du osorik, telebista katearen Oholtzan programan emateko.
Maiatzaren 9rako zegoen aurreikusita grabazioa, baina eguraldi txarrak behartuta, atzeratu egin behar izan zen eta larunbatean izango da azkenean. Oholtzan programak Euskal Herriko dantza eta musika emanaldiak ditu ardatz eta oraingoan, Azkoitira ekarriko dituzte kamerak.
Herritarrei gonbidapena
Kontzertua Herriko plazan denez, doan da, eta bertaratzen direnek dantzarako gonbitea ere izango dute.
Sahatsa taldeko dantzariek, besteak beste, Fandangoa, Arin-Arina, San Antonio eta Kalejira dantzatuko dituzte, trikitilariek soinua eta panderoa astintzen dituzten bitartean. Herritarrak gonbidatuta daude emanaldiaz gozatzera, eta bereziki, erromeria zaleak.