Denboraldiko gazta berria dastatzeko lehen aukeretako bat eskainiko du Idiazabalek asteburuan. Izan ere, maiatzaren 3 eta 4an Gazta Azoka ospatuko da bertan. Euskadiko artzainek egindako gazta sustatze du helburu ekimenak, 1998az geroztik ospatzen denak. Gainera, gaztagintzaren atzean dagoen lana eta kultura babestu eta balioan jarri nahi ditu. 

Guztira, 30 postu izango dira azokan. Horietatik 17 euskal gaztagileenak izango dira; Idiazabal jatorri izendapeneko gaztagileenak eta Ossau-Iraty (Iparralde) izendapeneko gaztagileenak. Beste sei etxoletan Espainia eta Portugaleko gaztagileak egongo dira: Ripoll (Girona), Casar de Cáceres (Cáceres), Mahón (Menorca), Serrada (Valladolid), Villaluenga del Rosario (Cadiz) eta Fundao (Portugal). Gaztagile horietaz ez ezik, gaztagile gonbidatu bat ere izango da: Aurizberriko Pirineki gazta.

Gainontzeko postuak, edariei eskainitakoak izango dira. Arabar Errioxako ardoa, Getariako jatorri izendapeneko txakolina eta euskal sagardoa eta garagardoa dastatzeko aukera egongo da Idiazabalen asteburuan.

Gainera, European Cheese Route elkarteak postua jarriko du. Izan ere, azokan presente egongo diren Euskaditik kanpoko gaztak, elkarte horretako kideak dira. Etxola honetan gazta dastaketa interaktiboa egingo da.

Ekintzak

Azokaz ez ezik, beste ekintza batzuk ere izango dira Idiazabalgo Gazta Azokan. Larunbatean, adibidez, mamia egiteko tailerra eta txapelketa eta Iker Markinez sukaldariaren eskutik show cooking saioa izango dira. Igandean, Gazta Txapelketa Herrikoa eta gazta ketze erakustaldia eskainiko dira, besteak beste.

Amelia Jauregi

1949.urtean, Gabiriako Baztarrika baserrian jaiotako Amelia Jauregi izango da aurten omendua. Idiazabalgo Gazta Azokak urtero artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako pertsona bat omentzen du.

Zabalegiko baserri eskolan ikasketak egin eta gero, Amelia Jauregik hainbat baserritarrekin batera, Lurgintza Nekazal Kooperatibaren sorreran parte hartu zuen. Baita EHNE sindikatuaren eta ELE Euskal Herriko Latxa Elkartearen sorreran ere. 1980ko hamarkadaz geroztik, artzaintza lanean jarraitzeaz gain, Artzai Gazta elkartean ere jardun du. Gainera, ELE elkarteko lehendakaria izan da 11 urtez, eta beste lau urtez Artzai Gazta elkarteko lehendakari. Horretaz gain, Jauregi Emakume Baserritarren Elkarteko sortzaileetako bat ere bada.

“Arlo horietan guztietan egindako lanagatik, eta lanbidearekiko erakutsi duen konpromisoagatik, merezitako omenaldia jasoko du Amelia Jauregik”, adierazi du Idiazabalgo Udalak goizean egindako azokaren aurkezpenean.

Omenaldia igandean burutuko da, 14.00etan, udaletxearen aurrean.

ONCEren kupoian

Idiazabalgo Gazta Azoka ONCEren bost milioi kupoietan azaltzen da. Datorren maiatzaren 5ean egingo den zozketaren irudia baita.

wwww.juegosonce.es webgunean eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan erosi daitezke kupoiak.