Azken asteetan itxita egon ostean, Azkoitiko Batzokixe taberna berriro irekiko da gaur, ostirala, arratsaldeko 19.00etan.

Lokala itxuraberrituta eta dotore agertuko da, eta inaugurazioa musikaz lagunduta egingo da. Giro atsegin eta parte-hartzailean ospatuko da Batzokiaren berrirekiera, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.

Historia luzea

Batzokiak historia luzea du Azkoitian. 1907an sortua, gaur egun ezagutzen dugun tokira 1981eko apirilaren 26an lekualdatu zen, Julio Urkixo kalera.

Egun hartan bazkari handi bat egin zuten frontoian ospakizun modura. Orain, 44 urte geroago, Uri Buru Batzarrak uste du momentua berezia dela berriz ospatzeko, eta horretarako, hainbat ekitaldiz osatutako egitarau zabala prestatu du.

Bideo-emanaldia

Maiatzaren 15ean, Batzokixen Berriketan egitasmoaren saio berezia egingo da, arratsaldeko 18.30ean.

Bertan, Azkoitiko Batzokiaren eta alderdiaren historia laburbiltzen duen bideo dokumental bat estreinatuko da, iraganari begirada emateko eta belaunaldi berriei lekukoa helarazteko asmoz.

Ekitaldi nagusia

Ospakizunak maiatzaren 17an izango du amaiera ekitaldi politiko batekin.

Goizeko 10.00etan hasiko da eguna Batzokian elkartuta, eta 10.15ean lore eskaintza egingo da Julene Urzelai eskulturan, alderdiaren bidean egon diren eta gaur egun ez dauden alderdikide guztien omenez.

Ondoren, 10.30ean, meza izango da parrokian, eta 11.30ean ikurriña igoko da Batzokiaren aurrean.

Hizlariak

Ekitaldi politikoa eguerdiko 12.00etan egingo da Ikurriñaren plazan, eta hitza hartuko dute EAJ-PNVren Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak, Maria Eugenia Arrizabalagak, eta Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Aitor Estebanek. Amaitzeko, 13.00etan mokadutxoa eskainiko da Batzokian.