Aurreko urteko arrakastaren ostean, Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak ekimenaren egitarau berria aurkeztu dute. Formatuari dagokionez, artisten kantak entzuteaz gain, solasaldia ere egiten da eta aurkezle batek dinamizatzen du saioa. 2025ean, momentuz, hiru emanaldi antolatu dira
Esti eta Mikel Markez
Otsailaren 1ean, larunbatean, Esti eta Mikel Markezen solasaldi musikatua izango da San Pedron. “Aurreko urtean, herrian izandako gertaera latz batengatik emanaldi hori atzeratu behar izan genuen, baina aita eta alabaren arteko solasaldi hau egiteko irrikatan gaude” esan zuen aurkezpenean Aitor Brionek, Kultura zinegotziak. Emanaldia 19.00etan hasiko da, San Pedroko Udal Aretoan. Oihana Maritorena aktoreak aurkeztu eta bideratuko du saioa.
Gontzal Mendibil
Bigarren emanaldia, martxoaren 9an izango da. Gontzal Mendibilek Donibaneko Bonantzako elizan eskainiko du bere emanaldia. “Artistaren desioa bete dugu, emanaldia bertan egin nahi zuen eta kokagune paregabea iruditzen zaigu, bere kantak gertutik entzuteko”, aipatu zuen Brionek. Musikan aditua eta komunikabideetan kolaboratzailea den Marta Garciak bideratuko du solasaldia.
Idoia Asurmendi
Apirilaren 27an Idoia Asurmendi aramaioarraren txanda izango da. Bere emanaldia San Pedroko Udal Aretoan izango da. “Idoiaren doinuak Pasaian entzutea plazera izango da benetan. Gazte eta ez hain gazte diren herritar asko gerturatuko direla argi daukagu” esan zuen zinegotziak. Eider Perez aktore eta idazleak aurkeztu eta bideratuko du saioa.
Emanaldi guztiak 19.00etan izango dira. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Bibe.me plataforman, bost eurotan.
"Formatu goxoa"
“Formatu goxo hauen bidez, azken hamarkadetako euskal musikaren erreferenteetako asko Pasaiara etortzen ari dira. Udazkenerako beste saio batzuk prestatzen ari gara, gainera”
“Bizi esperientziak, anekdotak... denetarik izan genuen 2024. urtean. Gari, adibidez, publikoarengana gerturatu zen, zein abesti entzun nahi zuten galdetzera, eta gertu gertutik entzun genituen bere melodiak”, azaldu zuen Kulturako zinegotziak.