Hiru eta hamabi urte arteko haurrei zuzentutako ludoteka ibiltariaren egitasmoa jarriko du martxan aste honetan Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak. Otsailean hasiko da eta apirilera arte larunbat goizetan hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egongo da auzo ezberdinetan.

"Aisialdi hezitzaile euskaldunaz gozatzeko aukera paregabea da ludoteka ibiltaria. Sormena garatzea, harremanak egitea, parte-hartzea sustatzea, naturarekin harremantzea eta beste hainbat helburu hezitzaile ditu egitasmoak", azpimarratu dute Txatxilipurdiko arduradunek.

Otsailaren 1ean, institutuko patioan

Lehenengo geltokia Musakolan egingo dute otsailaren 1ean, zehazki, institutuko patioan, 11.30etik 13.30era. Ekintzak parte-hartzaileekin adostutakoak izango direla aurreratu dute elkarteko hezitzaileek. Leku berean otsailaren 8an, 15ean eta 22an ere elkartuko dira.

Martxoaren 1ean, 8an, 15ean eta 22ean, aldiz, Erguinen egingo dituzte saioak, eta martxoaren 28an, eta apirilaren 5ean eta 12an Txaeta kalera helduko da ludoteka ibiltaria.