Urte eta erdi pasa da Nagusilan eta Balazta elkarteek, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, Nagusikleta proiektua martxan jarri zutenetik. Horren helburua herriko egoitzetan bizi diren egoiliarrak triziklo batekin paseatzera ateratzea da, eta 2024an 50 irteera egin ziren. Orain, beren etxebizitzetan bizi diren eta mugikortasun arazoak dituzten adineko pertsonek proiektuan parte hartu ahal izango dute ere. Gaur goizean Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak azaldu duenez, ekimen hau duela gutxi udalak abian jarri duen Auzosare programatik dator, udalerrian bakarrik bizi diren pertsonekin lotuta dagoena. 

Era honetan, herritar asko “aspaldian joan ez diren txoko horietara” joateko aukera izango dutela gaineratu du zinegotziak: “Baliteke Portuko edo beste nonbaiteko jende askok denbora eramatea Kirol Kaira edo Jaizubiako paduretara joan gabe, adibidez, eta proiektu honen bitartez berriz ere joateko aukera izango dute”.

Herritarren eskaera bat

Manu Eizagirre Balaztako ordezkariak esan duenez, trizikloarekin kalean paseatzen ari direnean, askotan galdetu diete ea etxeetan bizi diren pertsonek parte har zezaketen ibilaldi horietan. “Orain, udaleko Gizarte Zerbitzuaren laguntzari esker zerrenda bat prestatzen hasiko gara, etxeetan dauden adinekoek herrian barrena paseatzeko aukera eduki dezaten”.

Era berean, Nagusilan elkarteko Jesus Mari Guerrak positiboki hartu du hiru eragileen artean urratsak ematen ari direla: “Denon artean aurrera aterako dugu proiektua, eta hau ere ongi aterako denaren konfidantza badugu”.

Nola parte hartu

Proiektuan parte hartu nahi duten hondarribiarrek izena eman beharko dute Udalaren gunearen bidez edo udal erregistroaren bitartez. Ondoren udaleko gizarte langile batek zerrenda bat osatuko du, pertsonaren telefono zenbaki, helbide eta adinarekin. Behin zerrenda osatuta, Balaztako kideak izango dira parte-hartzaileei dei egiteaz arduratuko direnak, eta irteerak astean behin egiten saiatuko dira, ahal den guztietan, egun jakin batean, boluntarioen eta eguraldiaren arabera.

Aipatu beharra dago Balaztako kideak ez direla arduratuko pertsonak etxeetatik jaisteaz, hau da, sotoan jaso eta utziko dituzte, beraz, senide bat arduratu beharko da zeregin horretaz. Horrez gain, landa eremuetan bizi diren pertsonentzat topagunea Puntal auzoa izango da. Baserrietatik herrira jaisteko Behemendi zerbitzua erabili ahal izango da, edo noski, senide batengana jo ahal izango da.

Bukatzeko, Eizagirrek jendea proiektuan parte hartzera animatu nahi izan du. “Alde batetik, paseatzera etortzeko. Jendeak lotsa izaten du batzuetan, baina nik esango nieke alde batera uzteko, behin probatuz gero seguru errepikatuko dutela. Bestalde, pedalak emateko jendea ere behar dugu. 25 bolondres inguru gara, baina beti behar dira gehiago”, esan du.