Hernanik Zuhaitz Eguna ospatuko du hilaren 25ean, larunbatean. Aurten, Zuhaitz Egunaren 50. aldia izango da, eta Joxe Legarretaren omenez egingo den 36. aldia.

Deialdi honetan, Ereñotzuko Aparrain mendiko azpialdean haritzak eta lizarrak landatuko dira. Zuhaitzak landatzeko beharrezko tresnak Udalak eramango ditu. Hamaiketakoa ere eskainiko die parte-hartzaileei.

Ikasleei zuzenduta

Ohi bezala, bereziki, Hernaniko ikastetxeetako LH 3. eta 4. mailako ikasleei eta haien etxekoei zuzenduta dago Zuhaitz Eguna. Haurrek heldu baten laguntza, behintzat, izan beharko dute.

Autobusa 9.00etan abiatuko da Elkano kaletik. 9.10ean Ereñotzuko parte-hartzaileak hartuko ditu eta Ugaldetxon bukatuko du bidea. Handik, oinez joango da taldea landaketa egingo den eremura arte. Itzulera 13.00ak aldera izango da, gutxi gorabehera.

Herritar guztiei irekia

Zuhaitz Egunera oinez joateko aukera ere izango da, Mendiriz Mendiko mendizaleen laguntzarekin. Oinez, edozein herritarrek parte har dezake eta 7.30ean elkartuko dira udaletxeko arkupean.

Izen-ematea

Autobusez joan behar duten haurrek eta haien familiek izen-ematea 943 337 031 telefonora deituta, ingurumena@hernani.eus helbide elektronikora idatzita edo online formulario bat beteta egin beharko da.  Izena ematerakoan, etxeko parte-hartzaile kopurua zehaztu beharko da. Epea urtarrilaren 23an amaituko da.

Bestalde, oinez joan nahi duten herritarrek mendirizmendi@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute. Izena emateko azken eguna asteazkena izango da.