Hondarribiko Ramery Etxea udal bulegoak handitzeko erabiltzeko lagatzeko akordioa sinatu berri da
Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Javier Herrero Estatuko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ordezkariak asteazkenean sinatu zuten akordioa
Igor EnparanHondarribiko alkateak eta Javier Herrero Estatuko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ordezkariak asteazkenean sinatu zuten Pampinot kaleko Ramery Etxearen eraikinaren Udalaren aldeko doako lagapen mugagabea.
Akordioa Ogasun Ordezkaritzak Donostiako Okendo kalean duen egoitzan sinatu zen, eta Igor Enparan alkateak adierazi duenez, "Udalari ahalmena ematen dio eraikin osoa erabil dezan udal-instalazioak handitzeko. Udal teknikariek eta Ordezkaritzak egindako lan neketsuaren emaitza da, eta eskerrak eman nahi dizkiet gaian izan duten inplikazioagatik, prozesu honen lehen urratsak duela hiru urte eman baitziren. Albiste azpimarragarria da hondarribiarrentzat, eta, horrela, Legealdirako Gobernu Planean ezarritako helburuetako bat betetzen dugu".
Behin kontratua sinatuta, eta eraikinaren lagapena eta erabilera jasota, Udalak azterlan bat jarriko du abian, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko, eta udal langileen lan-espazioak handitzeko behar diren neurriak abian jartzen hasteko. "Beste helburuetako bat herritarrei irekitako udal-ekipamendu bat ezartzea izango da, Alde Zaharra biziberritzeko balioko duena. Gure asmoa da lanean hastea eta 2025. urtean zehar gauzatzen saiatzea" gehitu du Enparanek.
Gainera, Ogasuneko ordezkariarekin egindako bileran, Udalak eraikina erosteko aukera aztertu zen. "Hori zehatz-mehatz baloratu eta aztertu behar dugu Udalean, eta espediente berri bati ekin, interes partekatua izango balu", bukatu du alkateak.
Ramery etxearen inguruan
Ramery etxea, antzina Agirre etxea zena, XVII. mendeko jauregi-etxea da, ondare-izaerakoa, Panpinot kaleko 16. zenbakian kokatua dagoena eta 135 metro karratuko azalera duena. Hiru soairu dauzka eta, gaur egun, 2011n sortu zenetik, Arma Plaza Fundazioaren egoitza da.
Temas
Más en Bertan
-
De Socrates, Nietzsche y Schopenhauer, a dominar el hierro en la forja
-
Arrasate pedalea para ampliar la red de bidegorris
-
Zumaia: el espectáculo de Zapotxin de este domingo se traslada a cubierto por previsión de "mal" tiempo
-
Un mercado artesanal en Irun para celebrar el primer año de vida de Marzaycas