Josu Albero eta Karmelo Landa, Naziogintza Taldeko kideak, Abertzaleak izeneko hitzaldi-zikloa aurkeztu dute gaur Azpeitiko Kultur zinegotzia den Aitor Larrañagarekin batera.

Hitzaldi-zikloaren helburua euskal abertzaletasunaren bost figura enblematiko ezagutaraztea da. “Euskal nazionalismoaren historian lorratz sakona utzi duten bost pertsonaia erreferentzialak dira hi-tzaldien protagonistak. Abertzaletasunaren eremuan eragin handikoak, zaila baita gaur egungo euskal nazionalismoa ulertzea haien ekarpenak aintzakotzat hartu gabe”, esan du Karmelo Landak zikloaren aurkezpenean.

Egutegia

Hitzaldi-zikloaren hasiera abenduaren 18an izango da. Edurne Alegria itzultzaileak Aita Manuel Larramendiri (Andoain,1690-Azpeitia, 1766) buruzko hitzaldia eskainiko du. Larramendi aurre-abertzaletzat jotzen dute historialari gehienek eta bere ekarpenak ezinbestekoak dira abertzaletasunaren sorrera ulertzeko.

2025eko urtarrilaren 14an, Xabier Irujo historialaria eta AEBetako Nevadako Unibertsitatearen irakaslea, Sabino Aranari buruz (Abando, Bilbao,1865-Pedernales, 1903) mintzatuko du, eta 2025eko otsailaren 18an, Nerea Azurmendi kazetariak Eli Gallastegi, Gudari-ren (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1974) figura eta bizitza jorratuko ditu.

Bestalde, 2025eko martxoaren 19an, Pako Sudupe idazleak Telesforo Monzoni (Bergara, 1904 - Baiona, 1981) buruz jardungo du. Zikloaren bukaera 2025eko apirilaren 29an helduko da. Karmelo Landa historialaria eta EHUko irakasle ohiak, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi-ri (Donostia, 1929-2012) buruzko hitzaldia eskainiko du.

Hitzaldi guztiak Basazabal Jauregiko 3. solairuan izango dira, arratsaldeko 19.00etan.

Heziketa politikoa

Hitzaldi-ziklo honetarako Azpeitiko Udalaren Kultur Sailaren laguntza eskertu dute Naziogintza Taldeko bi kideek. Euskal abertzaletasunari buruzko gogoeta-taldea izanik, garrantzi handia ematen dio Naziogintza Taldeak heziketa politikoari.

Euskal abertzaletasunaren historia, tamalez, ezezaguna da gure gizarteko sektore zabal batentzat, baita beren burua abertzaletzat jotzen duten askorentzat ere. Urte luzeetan debekatu eta ezkutatu izan zaizkigu eragin handiko abertzaleen biografiak, haien ekarpenak eta lan ideologikoa, eta debeku horiek gainditu ditugunean ez gara gai izan figura horiei merezi duten ezagutza eta aitorpena emateko. Bada garaia justizia egiteko, eta gure historia garaikidearen ezinbesteko erreferentzia intelektual eta politiko batzuk ezagutarazteko”, adierazi dute Landak eta Alberok prentsaurrekoan.

Gonbidapena parte hartzera

Bukatzeko, deialdi zabal bat egin dute jendeari animatzeko saioetara gerturatzera. “Espero dugu abertzaletasunaren historiaren ezagutza zabaltzea hitzaldi hauekin, eta historia gaietan interesa dutenentzat ez ezik, publiko orokorrarentzat ere zikloa erakargarria eta didaktikoa izatea espero dugu”. – A. Zabala