Aurreko urteetako arrakasta ikusita, Errenteriako Udalak, aurten ere, webgune bat prestatu du Euskal Herriko haurrek Olentzeroren eta Mari Mari Domingiren mezu pertsonalizatua jaso dezaten. Eskaera Herri Bizia webgunetik egin daiteke jada eta norberak zehaztutako posta elektroniko helbidean jasoko du eskatzaileak mezua.

Badira urte batzuk Udalak ekimen hau martxan jarri zuela eta ordutik ehundaka gutun bidali dituzte herriko mugak gaindituz.

Errege Magoak

Abenduaren 27tik aurrera, gainera, Errege Magoen mezua eskatzeko aukera ere izango da.

Mari Domingiren etxea

Bestalde, aurten hirugarrenez, Añabitarte Baserria (Zamalbide auzoa, 14) Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak xarmaz, iratxoz eta baratzezainez beteko dira, Orereta Ikastolak antolatuta. Añabitarteren historia eta istorioak kontatuko dituen ibilbidea eginez (40-45 minutu), Mari Domingiren etxea bisitatuko dute Añabitartera joaten direnek. Bertan Mari Domingirekin berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango dute.

Abenduaren 22ra arte

Mari Domingiren Errepublika Magikoa abenduaren 6tik 22ra egongo da zabalik, ostiral, asteburu eta jaiegunetan. Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi behar da bisitan etortzeko http://www.maridomingi.eus webgunean; antolatzaileek adierazi dute azken sarrerak geratzen dira salgai. Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan joan eta hari eskutitza emateko gonbita.

Izaera propioa duen emakumea

Orereta ikastolatik azaleratu dutenez, "Olentzeroren ostean iritsi da Mari Domingi gurera, eta haren itzalpean heldu da: haren emazte, laguntzaile edo lagun gisa. Olentzero behar izan du existitzeko". "Pausoa eman nahi da bide horretan, Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe", adierazi dute. Horiek horrela, Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloekin duen harremanean ere jarri nahi da azpimarra. "Egiteko asko dagoenaren jakitun, bide horri ekarpena egin nahi dio Orereta Ikastolak egitasmo honekin", amaitu dute.