Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketako lanen erakusketa zabalik da dagoeneko Mutrikuko Zabiel kultur etxean

Azaroaren 24an amaitu zen lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Parte-hartzea nabarmena izan da. 42 lagunek 112 argazki aurkeztu dituzte. Horietatik epaimahaiak 70 argazki aukeratu ditu erakusketarako.

Bisita ordutegia

Erakusketa abenduaren 13ra arte egongo da zabalik. Bisita egiteko ordutegia honakoa da: astegunetan 17.00etatik 19.00etara eta asteburu eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara.

Erakusketarako aukeratu izan diren lanen artean, epaimahaiak 12 argazki sarituko ditu. Bakoitzak 90 euroko saria jasoko du.

Ikuslegoaren saria

Gainera, herritarren parte-hartzea sustatzeko, herritarren sari berezia egongo da: erakusketa bisitatzen dutenek botoa emateko aukera izango dute eta bozkatuenak Mutrikuko 2025eko egutegiaren azala osatuko du.

Ikuslegoaren saria eskuratzen duen egileak 90 euroko bonu-laguntza jasoko du, Bertan elkarteko saltokietan erabiltzeko.

Egutegia

Beste 12 argazki sarituekin osatuko du Mutrikuko Udalak 2025eko egutegia. Abenduaren 20an, Zabiel kultur etxean ospatuko den kultur galan egingo da epaimahaiaren erabakiaren jakinarazpena eta sari-banaketa.