Euskararen Eguna baliatu du Azpeitiko Udalak Hizkuntzen Ginkanako saria banatzeko. Biele enpresan lan egiten duen Naiara Orbegozo izan da aurtengo irabazlea, eta lantegira bertara joan dira saria ematera Aitor Larrañaga Euskara batzordeburua eta Alaitz Imaz Eleguneko teknikaria.

Zazpi enpresa eta 67 partaide

Azpeitiko Udalaren Elegune zerbitzuak laguntza ematen dien zazpi enpresatako langileen artean egiten den zortzi galderako jokoa da Hizkuntzen Ginkana. Azaroko ostegun guztietan bidali zaizkie parte hartzaileei bina galdera, eta astelehenera arteko epea izan dute galderak erantzuteko.

Elegunerekin lanean diharduten zazpi enpresatako 67 pertsonek hartu dute parte, honako enpresa hauetakoek hain zuzen ere: Iraurgi Berritzen; Landeta Burdin Lanak: Abelur; Artxara, koop.; Kimu Bat; Kulturaz Kooperatiba; eta Biele.

Sariak

Irabazleak 100 euroko saria irabazi du Azpeitiko Bertan merkatari elkartearen barruan dauden dendetan gastatzeko. Parte hartzaile guztien artean 50 euroko beste sari bat ere zozketatu da, eta hori ere Bieleko langile batek irabazi du, Miren Plazaolak hain zuzen ere.

Jatorria Katalunian dauka Hizkuntzen Ginkana jokoak. Carme Junyent soziolinguistak egindako lan praktiko batean oinarritutakoa da, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: hizkuntza-aniztasunari buruzko ezagutza ematea; hizkuntza-aniztasunak daukan garrantzia erakustea; hizkuntza guztiekiko errespetua bultzatzea; hizkuntzak ikasteko motibazioa lantzea; eta hizkuntzei buruzko bitxikeriak ezagutzeko aukera ematea.