Asteartean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta herrian hainbat ekitaldi antolatu dira. Horregatik, abenduaren 1etik 5era adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduerak egingo dira Astigarragan. 

Ekintza hauek Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatu dituzte elkarlanean: Astigarragako Euskaltegia, Xaguxar, Musika Eskola, Gazteleku eta Gure Izarra. Honenbestez, Udalak eragileek egindako lana eskertu nahi du.

Egitaraua

Hasteko, abenduaren 1ean telebistako Mihiluze saioko lehiaketan oinarritutako txapelketa egongo da gaztelekuan 17.30ean. Taldeka jokatuko da eta gaztelekuko erabileentzat izango da erronka hau.

Abenduaren 2tik 5era, euskararekin eta euskal literaturarekin zerikusia duten liburuekin osatutako interesgunea ipiniko da liburutegian. Haur, gazte nahiz helduentzko liburuak egongo dira.

Egun handia

Abenduaren 3an, haur eta helduentzat herri txokolatada eta horma-irudirako eskulan tailerra izango da haurrentzat, 16.30etik aurrera, Foru plazan.

Gainera, 18.00etan kalejira irtengo da Foru plazatik Kontxa Etxeberria plazara. Iristean, irradaka soka dantza eskainiko da eta horma-irudi kolektiboa margotuko da.

Amaitzeko, Euskaldungak, euskaldunzahar eta euskaldunberri baten abenturak kontatzen dituen umorezko saioa izango da 19.30ean, Erribera kulturgunean.

Eragileak

Herri Eskolak, Kiriketa haurreskolak eta kiroldegiak ere hainbat ekintza antolatu dituzte Euskararen Eguna dela eta, euren komunitateari eskainita. 

Kiroldegiaren kasuan, haurrentzako zumba, jump fit eta bungee ikastaroetan Bulego taldearen Zurekin kantua aukeratu dute eta ikastaro hauetako talde guztiek elkarrekin dantzatuko dute.

Ezagutza gora, erabilera behera

Udaletik azpimarratu dutenez, Euskararen Eguna ospatzearekin batera hausnarketarako tartea zabaltzea ere garrantzitsua da: “Izan ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu egin da azken hamarkadetan. Hiztunen kopurua zenbaki absolutuetan handituz doan arren, hainbat gertakarik erakusten dute aurrerapen horren ahultasuna. Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak”.

Astigarragako egoera antzekoa da eta euskararen erabilerari buruz egindako diagnostikoan horri buruzko datu esanguratsuak atera ziren: Azken 20 urteetan euskararen ezagutzak bost puntu egin du gora, baina azken urteetan jaitsiera gertatu da kaleko erabileran.

Hernani

Bestalde, abenduaren 2an eta 3an Hernaniko Udalak eta haren zerbitzuek ordutegi berezia izango dute, Euskararen Eguneko zubia dela eta. Herritarrentzako Harrera Zerbitzua (HHZ), Plazara gunea, liburutegia eta Kulturarteko Plaza Feminista itxita egongo dira bi egun horietan. Horrez gain, kiroldegian ez da ikastarorik izango.

Abenduaren 2an kiroldegia ohiko ordutegian egongo da irekita, baina 3an igandetako ordutegia izango du; hau da 8.30etik 14.00etara. 

Autokonponketa tailerra ere itxita egongo da egun horretan.

Aldiz, abenduaren 6an udal zerbitzu guztiak ohiko ordutegian egongo dira irekita.