Oarsoaldeko Euskara Batzordeak aste honetan jakitera eman duenez, Oarsoarrak Euskararen Sariak etenaldi bat egingo du aurten eta hemendik aurrera urtero banatu ordez, bi urtetik behin ospatuko da.

Alabaina, 2024. urtea garaikur berria hautatzeko baliatuko du. Horretarako, eskualdeko artista guztiei zuzendutako lehiaketa bat iragarri du. 

Lehiaketa

Ostiral honetan emango zaio hasiera lehiaketan parte hartzeko epeari. Lehiaketara aurkeztuko diren lanak arte plastikoetako edozein diziplinatakoak izan daitezke. Gizabanako batentzat eskuekin eramangarri eta erabilgarri izateko moduko neurria izan beharko du eta euskara eta eskualdea iradoki beharko dituzte nolabait. 

Lehiaketara lanak bozeto gisa aurkeztu beharko dira eta hautatua izanez gero, 2025eko apirilaren 11tik urriaren 6ra arteko epean burutu beharko da pieza.

Eskualdeko artistak

Lanak aurkezteko epea azaroaren 29tik 2025eko martxoaren 14ko 14.00ak arte izango da. Hasiera batean, arte disziplinaren baten bidez saria sortzeko gaitasuna duten Oarsoaldeko herritar guztiei zuzendua dago lehiaketa. Lanak jasotzeko epea zabaldu eta bi hilabetera zortzi laneko kopurua gainditu ez bada, lehiaketaren geografia eremuaren baldintza indargabetuko da, Euskal Herri osora zabalik geratuz.

Lehiaketa bidez hautatzen den lanaren egileak 2.500euroko ordainsaria jasoko du. Sari horrek gain hartzen ditu obra sortzeko gastuak, esklusibitatea eta ordainsaria. Era horretan, hautatutako artelana izango da hurrengo 2025eko azaroaren 28an ospatuko den Oarsoarrak Euskararen Sariaren garaikurra

Orain arte irabazleei metakrilatozko koadro bat ematen zitzaien, baina 2025etik aurrera, sortzaile baten lana eramango dute

Epaimahaia herri bakoitzeko arte munduarekin loturiko aditu bana eta saria erabaki ohi duen epaimahaiko ordezkari bat izango dira. 2025ko apirilaren 11tik aurrera emango dute jakitera irabazlea. Oinarriak oarsoarrak.eus webgunean kontsulta daitezke.

2010etik martxan

Proiektua martxan jarri zenetik, 2010etik, metakrilatozko koadro bat ematen zitzaien irabazleei. Hamalau urte igarota, zonaldeko artisau edo sortzaile batek egindako artelana eskaintzea erabaki dute.

Esan bezala, Oarsoarrak proiektua duela hamalau urte jarri zuten martxan Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek, Oarsoarrak Euskararen Batzordearen bidez. Sariaren xedea, edozein alorretan euskararen normalizazioaren alde urrats esanguratsuak egin dituzten eragileen lana aitortzea da

Sarituak

Horrela, sarien lehenengo edizioan, 2010. urtean, Juanba Berasategi eta ABB Niesseneko euskara batzordea izan ziren sarituak. Geroztik, besteak beste, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinegileak, Banaiz Bagara elkartea, Peio Jauregi ikerlaria, Izaskun Madariaga, Agustina Pontesta eta Lurdes Sistiaga andereñoak, Mikel Astarloza txirrindularia, Labore Oarso edo Antton Valverde abeslaria izan dira sarituak.

Aurtengoa, Oarsoarrak Euskararen Sariaren inflexio-puntua da. 2025eko ediziotik aurrera, bi urtetik behin ospatuko dira eta garaikurraren berrikuntzarekin etapa berri bati eman nahi zaio hasiera.