Andoaingo Bastero kulturguneak Alaia Gaztelumendi artista oiartzuarraren Arrakala erakusketa hartuko du hilaren 25etik aurrera. Inaugurazioa dela eta, margolari eta eskultore honen bisita gidatua izango da.

Erakusketa arratsaldeko sei eta erdietan inauguratuko da eta Gaztelumendik azken urte honetan pinturan eta eskulturan egindako hogei bat artelan biltzen ditu.

Azuleju birziklatuak, pintura eta buztina

Piezak azuleju birziklatuz, pinturaz eta buztinez eginda daude. Naturak hiriguneetan duen eremu mugatua, zuhaitzak eta landare hesituak, berdegune partzelatuak, ibai-ibilgu etenak, hareatza zimendatuak, besteak beste, eta gizakiak egoera horren aurrean izan duen portaera izan dira obraren inspirazio-iturri nagusiak.

Erakusketa azaroaren 22ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik 13.30etara eta 18.00etatik 20.30era. Sarrera doakoa izango da.

Erakusketa hau Katapulta Plataformak sustatu du, Bastero Kulturgunearekin eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Margolaria, muralista eta irakaslea

Gaztelumendi (Oiartzun, 1993) margolaria, muralista eta arte plastikoetako irakaslea da. Haur Hezkuntzan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ilustrazioaren Arte Plastiko eta Diseinuan Massana Eskolan (Bartzelona, 2017), 2019an etxebizitzen berrikuntzetatik sortzen ziren lauzen soberakinak biltzen hasi zen eta gaur egun bere obra artistikoaren ezaugarrietako bat dira, zeinak ingurumenarekiko konpromisoa islatzen duten.