Ekimen “aberatsa eta ederra” izan zen Ikasleen Topaketa
Apirilaren 19an Ikasle Topaketa egin zen Kultur Izpiak egitasmoaren barruan, Euskal Herriko hainbat tokitako gazteak elkar ezagutzeko, euskaraz aritzeko eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH 4ko eta batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek gonbidatuta, Oiongo San Bizente Ikastolatik (Araba), Getxoko San Nikolas Ikastolatik (Bizkaia), Zangozako Ikastolatik (Nafarroa) eta Baionako Bernat Etxepare Lizeotik etorritako 200 ikasle inguruk parte hartu zuten Azpeitian egindako egun osoko jaian. Kilometroen antolaketa taldeak, UEMArekin eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean antolatu zuten egitaraua.
Topaketan parte hartu zuten kanpoko ikasleak iritsi zirenean, harrera eta ongietorria egin zi-tzaien Ikasberri ikastolan. Gorka Artola aurtengo Kilometroen koordinatzaileak eskerrak eman zizkien ekimen honetan parte hartzeko azaldutako gogo onagatik. Aldi berean, gogorarazi zien Ikastolen Elkartea edo ikastolen sarea Euskal Herri osoan dagoela antolatuta, Euskal Herri mailako sare egituratu eta antolatu bakarrenetakoa dela, eta hezkuntza arautuaren esparruan, sare antolatu bakarra dela. “Euskal Herria ani-tza da, ikastola mota asko gara eta aniztasun horrek egiten gaitu aberats. Aniztasun horretan elkarren artean izandako harremanetatik eraikitzen dugunak, hain zuzen, aberasten du gure sarea, eta baita pertsona zein talde gisa izan nahi dugun hori ere”, esan zuen.
Bestalde, elkarrekin Ikastola izanda, Ikasle Topaketa eremu desberdinetako eta askotariko ikasleen topaguneak lantzeko asmoz antolatu zutela adierazi zien Artolak ikasleei, elkar ezagutzeko aukerak bultzatuz eta elkarrekin ondo pasatzeko topagunea sortuz.
Algarak, aldarrikapenak eta dantza
Ongietorriaren ondoren, Ikasle Topaketan bildutako ikasle guztiak elkarrekin Sanagustin kulturgunera joan ziren, eta bertan Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAren ikerketa teknikariak Euskararen egoera gaur hitzaldia eskaini zien, UEMAren eskutik. Kulturgunean adi jarraitu zuten gazteek Iurrebasoren hitzaldia.
Jolaserako tartea hartu zuten ikasleek hitzaldiaren ondoren. Elkar ezagutzeko jolasak eta Mihiluze jolasa egin zituzten herriko plazan, talde txikietan elkartuta, eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean. Bukaeran, denek bat eginda, azterketak euskaraz egiteko aldarria egin zuten bost ikastoletako ikasleek, eta talde argazkia atera zuten.
Elkarrekin bazkaldu zuten guztiek Azoka plazan, eta bazkalostean bingo musikatuan jolasteko parada hartu zuten. Ikasle Topaketa bukatzeko, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko txarangarekin dantzan eta kantuan ibili ziren bai plazan eta bai Alde Zaharreko kaleetan ere.
Eguraldi ederra lagun, ederki pasatzeko aukera izan zuten Ikasle Topaketan bildutakoek, elkar ezagutuz eta euskaraz.
Iparraldea eta Hegoaldea batuz
Ikasleek egun horretaz asko gozatu zutela adierazi zuten beranduago. Adibidez, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko Maddi Egiguren Azpiolea ikasleak ekimena “aberatsa eta ederra” izan zela esan zuen: “Iparraldea eta hegoaldea elkar ezagutzeko eta batzeko aukera izan zen. Euskararekiko norberak genuen bizimodua partekatzeko aukera zabaldu ziguten”.
Bestalde, Oiongo San Bizente Ikastolako Lorena Salido Limak eta Naia Mena Lizarraldek ikasleen arteko harremana oso ona izan zela nabarmendu zuten. Ikastola berdineko Gorka Arandak, Mikel Lazarok eta Unax Hernandezek, aldiz, beste leku batzuetako euskararen egoera ezagutzeko aukera izan zutela esan zuten, eta Afrika Arandiak eta Uxue Gonzalezek topaketa euskararen garrantziaz kontzientziatzeko baliagarria izan zitzaiela. Gainera, ikasleen arteko giroa oso ona izan zela eta Ikasberrik proposatutako ekimenak oso dibertigarriak izan zirela adierazi zuten.