Kilometroak: "Ikastolako komunitate osoarentzat festa egun eder bat izango da, baita Azpeitiko herriarentzat"
Aurtengo ardatzak erdigunean jarrita, euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna eta herrigintza, Kilometroetako jai handia hartuko du bihar Azpeitiak, urtean zehar antolatu diren ekintza guztiei amaiera bikaina emateko. Gorka Artola aurtengo Kilometroak jaiaren korrdinatzaileak eta Alaitz Epelde Ikasberri Kooperatibako Artezkaritzako kideak azken hilabeteak nolakoak izan diren azaldu digute.
Nola bizi izan duzue Kilometroak jaiaren antolaketa Ikastola barruan?
Gorka: Nik uste dut Ikastolan hasieran kezkarekin hartu zutela, ez zelako aurretik eskatutako gauza bat. Baina gero gurasoek oso ondo erantzun dute, ilusioarekin. Aipatu nahiko nuke gure Ikastolan laugarren aldia dela Kilometroak antolatzen dela, baina gure belaunaldian ezagutzen dugun hirugarrena da. Ikasberri garenetik bi egin dira, 2000. eta 2011. urteetan, eta gure gurasoek antolatu zituzten. Oraingo honetan jendeak ilusio bereziarekin hartu duela uste dut erreleboa hartu dugulako. Eta ilusio hori lantaldeetan islatu egin da. Izan ere, oso erraz sortu dira, jendea laguntzeko gogoz zegoen.
Nola antolatu zarete?
Gorka: Hasieran komunikazio eta ekonomiako lantaldeak sortu genituen, Kilometroak antolatzeko plangintza bat egiteko: ekonomikoki zer aurreikuspen egingo ziren, zer gastu, zer irabazi… Eta baita ere komunikatiboki plangintza bat egiteko. Hortik aurrera lantalde ezberdinak sortu ziren, hala nola gastronomia, ikuskizunak, montajea, garbitasuna, eta abar.
Laugarren aldia da Kilometroak Azpeitian egiten dena. Asko aldatu dira gauzak aurreko edizioetatik hona?
Alaitz: Gaur egun ez da lehen ospatzen zen hain festa handia egiten, gizartean kexka bazegoelako, zerbait txikiagoa eta gertukoagoa egiteko. Aldaketa handiena guk alde horretatik ikusten dugu. Orain ez dago ibilbide bat sei guneekin, baizik eta gune txikiagoak, Ikastolaren inguruan biltzen direnak, gertuago.
Urtean zehar ekimen dezente antolatu dituzue. Zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?
Alaitz: Kultur Izpi batzuk antolatzen joan gera urte guztian, Kilometroak-eko mugimendu hori zabaltzeko eta auzolana indartzeko. Inauteriekin hasi ginen; gero Lagun Onak Mendi Elkartearekin batera Tutera Azpeitia ekimena hilabete askotan zehar aurrera atera dugu. Ikastolan barruan ere, Zurak eta ezpalak ekimena egin genuen, aurreko belaunaldiko gurasoei errekonozimendu bat egiteko, hau da, gaur egungo aiton-amonei. Ikasle topaketak ere antolatu ditugu, oso arrakastatsuak izan zirenak, beste probintzietako eta beste errealitatea duten ikasleekin hori dena landu eta ezagutarazteko. Bestalde, Aniztasun izpiak Kilometro Txikia bezalako egunean beste kulturetako jende askorekin egon ginen. Egun borobila izan zen, herriko beste eragile batzuekin antolatu genuena. Bazkari herrikoi bat egin genuen ere, 600 lagun bildu zituena, musika ikuskizunak, Krostadarra… Denetarik egin dugu, ez ikastolatik bakarrik, herriarekin eta herrira begira ere bai.
Argi dago herritarrak eta herriko eragileak ere inplikatu direla...
Gorka: Bai. Aalaitzek esan duenez, Lagun Onak Mendi Elkartea gurekin lanean egon da, baina baita beste udalerrietako ikastolak, Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Guka, UEMA, Ikastolen Elkartea, beste kulturetako komunitateak, eta abar.
Une berezi eta hunkigarri asko biziko zenituzten urtean zehar. Batzuk aipa zenitzakete?
Gorka: Ikasle Topaketan emozio handiko momentuak bizi ziren ikasleen artean. Eta ikusi da nahiz eta Azpeitin egin diren, emozio hori beste udalerrietara transmititu zela. Euskara aldarrikatzen duten lurralde ezberdinetako jendea emozionatuta ikustea, elkarrekin, algaran eta jolasak egiten, oso polita izan zen. Eta horrek erakutsi zigun Azpeitia ez dela isolatutako herri bat. Ikastola guztiak Euskal Herriko mapan kokatu behar dira, eta elkarrekin egiten duten sare hori da garran-tzitsua.
Alaitz: Kilometro Txikiak-en egunean emozio hori ere lortu genuen, beste herrialde eta kulturetako jendea gerturatu zelako.
Zein zailtasun izan dituzue urtean zehar?
Gorka: Hasieratik gure buruari erronka txikiak jarri genizkion. Ez dugu ezer ez pretenditu, ez genuen nahi handira egin eta gero kale egitea. Xume joateko intentzioa genuen, bai arroparekin, bai ekimenekin ere, eta horri esker emaitza bakoitzarekin oso gustora geratu gara. Helburu txikiak jarriz erraz gainditu ditugu, eta dena batere presiorik gabe joan da, oso arin, zailtasun nabarmenik gabe. Azpimarratu behar da hori lortzeko lagun-tza asko izan dugula, bai Ikastolako komunitatearena, baita Azpeitiko eragileena eta Udalarena ere.
Egun handia iritsi da. Nolakoak izan dira azken asteak?
Alaitz: Talde bakoitza buru belarri egon da lanean, eta Ikastolan urduritasun eta ilusio giroa antzeman da, bai haurrengan, bai gurasoengan.
Gorka: Lan talde bakoitzak bere lana ondoen eta finena egitea nahi izan du, eta dena oso ondo joan da.
Zer topatuko du jendeak bihar Azpeitian?
Alaitz: Ikastolako komunitate osoarentzat festa egun eder bat izango da, baina baita Azpeitiko herri osoarentzat ere. Lau gune planteatu ditugu herrian zehar. Lehenengoa Herriko plazan, bigarrena Esklabak eliza inguruan; hirugarrena Ikastolan eta azkena Loiolan. Berdegune asko ditugu eta egun osoan zehar ekimen pila bat egongo dira. Famillia giroan egun eder bat pasatzeko aukera eskaini nahi dugu.
Bukatzeko, zertarako erabiliko da bildutako dirua?
Gorka: Guk Kilometroak bi urteko prozesua bezela ulertzen dugu. Urte hau elkarte desberdinekin elkarlanean pasa dugu, denen beharrak aztertzen, etabar. Eta orain nahiko genuke hiru ardatz horien inguruan proiektu potente bat ateratzea eragile horiekin batera, eta ateratako dirua horretan inbertitzea. Proiektua oraindik ez daukagu, baina gauzatu nahi dugu eta herriaren onurarako izango da. n