Zumarragako Udalak eta Pertsona Nagusien Kontseiluak Zumarragako Pertsona Nagusien Astea antolatu dute. Datorren asteartetik igandera izango dira ospakizunak.
Asteartean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute. 11.30ean adinekoek egindako eskulanen erakusketa inauguratuko dute Zumarragako plazako baserritarren gunean. Erakusketa ostegunera arte izango da zabalik: goizez 11.00etatik 13.30era eta arratsaldetan, asteartean 17.30etik 19.30era, asteazkenean 17.30etik 18.30era eta ostegunean 17.30etik 19.00etara.
Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna
Datorren astearteko ekitaldiekin jarraituz, 18.30ean jubilazioaren inguruan hausnartuko dute Zelai Arizti aretoan. Gainera, manifestua irakurriko dute.
Asteazkenean, 10.30etik 12.00etara, belaunaldien arteko ibilaldia egingo dute. Plazatik abiatuko dira. 18.30ean Las cosas sencillas pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan.
Ostegunean ekitaldi bakarra izango da: jubilatuen Irri Makila taldeak antzerki saioa egingo du. 19.00etan hasiko da, Zelai Arizti aretoan. Biharamunean, ostiralean, Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak Gaixotasun neurologikoak pazientearen eta familiaren ikuspegitik hitzaldia egingo du. 17.30ean izango da, kultur etxean.
Larunbatean, 17.30etik 18.30era, belaunaldi ezberdinetako bizilagunek elkarrekin jokatuko dute azokan, eta ondoren, 19.00etan, dantza saioa izango da Gure Txoko jubilatuen elkartean.
Bukatzeko, igandean bi ekitaldi izango dira: 17.30ean Goiargi abesbatzak Argixao adinekoen egoitzan abestuko du, eta 19.00etan dantza saioa izango da El Salvador jubilatuen etxean.
Ekitaldien aurkezpena
Ekitaldiak ostegun goizean aurkeztu zituzten, kultur etxean. Aurkezpenean Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko Lurdes Rodriguezek eta Juani Fernandezek parte hartu zuten. Pertsona Nagusien Astea egitasmoaren helburua adinekoen ekarpena balioan jartzea dela aipatu zuten. Baita belaunaldi ezberdinak elkartzea ere, guztien artean herri hobe bat egiteko.
Ekarpena
Gonzalezek nagusiek egindako ekarpena azpimarratu zuen. “Ongizatearen gizartea ekarri ziguten eta pandemia garaian arduratsuenak izan ziren. Gure gizartearen zutabeetako bat dira eta jakinduria eta esperientzia eskaintzen dizkigute”, esan zuen.
Pertsona Nagusien Kontseiluak Zumarragako Udalaren babes osoa duela gehitu zuen. “Kontseiluaren helburuetako bat herriko nagusiek nola zahartu nahi duten zehaztea da. Zumarragarrek bizitzako garai guztiak aktiboki bizitzea nahi dugu, Zumarraga geroz eta solidarioago batean”, amaitu zuen zinegotziak.
Rodriguezek eta Fernandezek eskerrak eman zizkioten Zumarragako Udalari eta herritarrak Pertsona Nagusien Asteko ekitaldietan parte hartzera animatu zituzten.