Urola Garaiko jubilatu eta pentsiodun elkarteak ordezkatzen zituzten Isabel Escuderok eta Esperanza Dominguezek irabazi zuten Gipuzkoa mailako gastronomia lehiaketa, larunbatean, Legazpin.

Lurralde osoko elkarteak biltzen dituen Aguijupens erakundeak antolatutako lehiaketa zen, eta bertan bederatzi bikotek parte hartu zuten beste hainbeste eskualde ordezkatuz.

Epaileak, Legazpikoak

Haragi paella zen prestatu behar zuten platera, eta Legazpiko Idoia Lasa eta Esteban Pinilla sukaldariak izan ziren epaileak.

Escudero eta Dominguez Urretxuko Aterpe jubilatuen etxeko kideak dira. Lehenengo, elkartean bertan sailkatu ziren eskualde mailako kanporaketarako. Urola Garaia mailako kanporaketan Legazpiko Buztintegi elkarteko eta Zumarragako Gure-Txoko elkarteko ordezkariei irabazi zieten. Hala, jubilatu eta pentsiodunen Gipuzkoako gastronomia lehiaketara sailkatu ziren. Bertan, lehen saria irabazi. Bigarren postuan Bidasoaldeko ordezkariak sailkatu ziren.