HERNANI – Bihartik irailaren 28ra bitartean Hitz Andanaren zazpigarren edizioa burutuko da, Hernaniko udal liburutegiak eta Dobera euskara elkarteak elkarlanean antolatuta. Hitzaren inguruan osatutako egitarau polita osatu dute, “hitzak begietatik baino, beste modu batzuetara herritarrengana helarazteko helburuarekin”, adierazi dute.
Nabarmendu dutenez, aurten Hernanik eta hernaniarrek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, Hitz Andana jaialdia Hiru podcast proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da bihar Biteri Kultur Etxean 19.00etan. Hiru podcast Miren Gojenolak zuzendu duen proiektua izan da, Hernaniko sorkuntza bekak lagunduta. Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek Hernaniko kale bat abiapuntu hartuta istorio bana idatzi dute eta horiek grabatu dituzte. Aurkezpena herriko bi musikarik lagunduta egingo dute. Sarrera doakoa da.
Horrez gain, urriaren 3a arte istorio horiek entzuteko aukera izango dute herritarrek, Biteri Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Ordua hartu beharko da horretarako.
Bestalde, ostegunean 19.00etan Biteri kultur etxean, Arineketan: zaharrak berri emanaldia izango da. Dantza, musika eta hitzak nahasten ditu Aiert Beobidek zuzendutako emanaldi honek, Oihana Iguaranen hitzetatik abiatuta. Iñar Sastre, Jagoba Astiazaran eta Haatik dantza konpainiaren emanaldia izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude Biteri kultur etxean eta online (kultura.hernani.eus), zortzi euroan.
Azken emanaldia ostiralean 19.00etan Biteri kultur etxean izango da. Orduko horretan, Maite Larburu hernaniarra igoko da oholtza gainera, Harkaitz Cano idazlearekin eta Beñat Barandiaran musikariarekin batera. Sonetoak 20 modutara entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, dohainik.
Amaitzeko, larunbatean, irailaren 28an, Atsegindegin Liburu eta Disko Azoka izango da. Aurten sortu den Doinuele sarearen barruan dago azoka hau, euskara hutsezko liburu eta diskoentzako plaza baita.
Liburuen eta diskoen 21 postu izango dira eta egitarau ederra prestatu du Doberak egun osorako: Asier Kidam magoaren saioa (11.00); Ixabel Agirresaroberen ipuin-kontaketa (12.00); bertso saio literarioa (13.15); Aldapeko Basque Latin Jazzen kontzertua (14.00); familientzako tailerra (18.00); eta Gorka Olazabalen bakarrizketa (18.30). Gainera, goiz eta arratsaldez, ez dira faltako liburu aurkezpenak.