Urretxuarrek jaietako egun handia ospatu zuten igandean. Lehenengoz, karroza desfilea eguerdian izan zen. Ondoren, herri bazkaria egin zuten. Aldaketak arrakasta izan du: desfilean ikusle asko elkartu ziren eta bazkarian 1.300 lagun baino gehiagok parte hartu zuten.
Karroza lehiaketa
Karroza lehiaketako sari banaketa arratsaldean egin zuten, Gernikako Arbola plazako karpan. Azkena Ta Etxera kuadrillak irabazi zuen, Suak irentsi duen herria karrozarekin. Herensuge bat egin zuten, Palestina sufritzen ari den infernua salatzeko.
Lehenengoz, ikusleen saria ere eman zuten. Karrozak Labeaga kalean ikusgai egon ziren eta 2.012 lagunek bozka eman zuten. Karroza bozkatuena HDM kuadrillaren Zer dago ikusten dugunaren atzean? izan zen, 350 botorekin. Indiako Taj Mahal eraikina eta eraikin xume bat egin zituzten, bata bestearen atzean, oparotasunaren atzean ezkutatzen dena salatzeko. Bestalde, karrozeroek Oraindik Bagara kuadrilla omendu zuten, 50 urte bete baitira aurten lehenengoz karroza egin zutenetik.
Urretxuko Santa Anastasia jaiak astelehen honetan bukatu dira, Kuadrillen Egunarekin. Azken ekitaldia kantu afaria izan da. Ekitaldi horrek 30 urte bete ditu eta dokumental bat prestatu dute. Dokumentala abenduaren 3an aurkeztuko dute, Euskararen Egunean.