Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana izenburuko proiektua da Udalak deitutako Selma Huxley Barkhman ikerketa bekaren IV. edizioaren irabazlea. Edurne Iriondo ondarrutarra izango da egilea, eta atzo aurreratu zuen bezala, “ikerlana genero-ikuspuntu klabean landutako industri-ondare materiagabearen eremuan kokatuko da.
Oñatiko industrian lan egin duten emakumeen ekarpena azaleratzea eta aitortzea da helburua”. Iriondok fabriketan lan egindako emakumeen laguntza eskatu zuen, “beraien begirada eta lekukotzak jasotzeko elkarrizketen bidez, eta baita ere, etxean izan ahal dituzten laneko arropak edo bestelako materiala uzteko, erregistratu ahal izateko”. Deialdi hau ere enpresei luzatu zien.
Horretarako, edurne.iriondo@ehu.eus emailera idatzi, edo 946 014 316 telefono zenbakira dei daiteke. 18.000 euroko beka jaso du Iriondok, 18 hilabetean lana egiteko. Azken seihilekoan herritarren artean hedapena egingo da.