Asteburu honetarako Santa Anastasia jaien aurreko ekitaldiak prestatu dituzte Urretxun: Herri arteko 35. folklore jaialdia, bolillo erakustaldia eta topaketa, bola eta toka txapelketak eta Adineko Pertsonen Eguna.
Lurra dantza taldearen herri arteko 35. folklore jaialdia larunbatean izan zen. Bost taldek parte hartu zuten: Mikel Deuna (Iurreta, Bizkaia), Agrupación Folclórica Alcazaba (Espainia), Giewont Dance Group (Polonia) eta Nalmoe Bukchum (Hego Korea).
Erakusketa
Egun berean, Mairi emakume elkarteak boliko topaketa eta erakustaldia egin zuen. Toki ezberdinetatik etorritako 100 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.
Igandean bola eta txoka txapelketak egin zituzten Gernikako Arbola plazan. Toka txapelketan Ino Ugarteburu (Urretxu) nagusitu zen. Zortzi aldi jo zuen txapa. Bigarren postuan Jose Calvo urretxuarra sailkatu zen. Berak ere zortzi aldiz jo zuen txapa. Hirugarren postuan Iker Mendizabal zumarragarra sailkatu zen. Zazpi aldiz jo zuen txapa. Laugarren postuan Joxe Maiz gabiriarra sailkatu zen. Berak ere zazpi aldiz jo zuen txapa. Parte hartzaile bakoitzak hiru jaurtialdi egin zituen eta tiraldi bakoitzean sei fitxa bota zituen. Ugarteburuk eta Calvok eta Mendizabalek eta Maizek berdindu egin zuten. Berdinketa dagoenean, lehen jaurtialdian nagusitu denak irabazten du.
Roberto Ostolaza garaile
Bola txapelketari dagokionez, Roberto Ostolaza zarauztarra nagusitu zen 37 birlarekin. Bigarren postuan Villabonako Joxe Mari Etxebeste sailkatu zen 36 birlarekin, hirugarren postuan Txema Fernandez zarauztarra 35 birlarekin eta laugarrenean Iñaki Maiz gabiriarra 35 birlarekin.
Adineko Pertsonen Eguna ere ospatu zuten. Udal korporazioak eguneko zentroa bisitatu zuen eta ondoren, Aterpe elkartean, bertaratutako zaharrenak omendu zituzten: Josefa Calabor Juarez, Faustino Ruiz Garcia eta Graciano Garcia Garcia eta Felisa Fernandez Baron senar-emazteak.
Omenaldiaren ostean, elizara joan ziren. Mezaren ondoren, argazkia atera zuten eta Lurra taldeak dantza saioa egin zuen. Urteroko moduan, pilotalekuan bazkaldu zuten eta ondoren dantzaldia egin zuten.