Karla Lekuona futbol zelaia itxuraldatzeko obrak hasi dutu aste honetan Oiartzungo Udalak. Belar artifiziala jarriko zaio eta argiteria berrituko da, partiduetarako ez ezik. Entrenamenduak bertan egin ahal izango dira. Bi zelai morta desberdin markatuko dira futbol 11rako joko-eremu bat eta futbol 7rako beste bi.
Ureztatze eta drainadura sistema berriak jarriko dira eta zelaia inguratzen duen hesia aldatuko da. Sarrera eta kanpo aldea ere itxuraldatuko dira, irisgarritasuna hobetzeko.
Eraberritzeak 1,8 milioi euroko aurrekontua du eta urte amaierarako bukatu nahi dituzte lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Kultura eta Kirol Departamentuak 300.000 euroko inbertsioa iragarri du Oiartzungo Karla Lekuona futbol zelaiko belar naturala artifizialki berritzeko. Ekimen hori 2023-2025 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Plan anbiziotsuaren barnean kokatzen da eta probintzia osoko kirol instalazioak hobetzea du helburu.
Gaur egun 500 oiartzuar inguru ibiltzen dira OKEn futbolean, eta Udalak zelaia behar eta erabilera berrietara egokitzeko gauzatzen ari da proiektua.
Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak Udalak kirol eremuak txukun mantentzeko konpromisoa berretsi du: “Aurreko legealdian Karla Lekuona futbol zelaiko aldagelak, herriko frontoiak eta kiroldegiko materiala berritzeko 700.000 euro inbertitu zituen Udalak, eta aurten 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo dugu futbol zelaia belar artifizialekoan bihurtzeko”.
“Esan behar da, orain arte, Foru Aldundiak ez zuela belar naturaleko futbol zelaiak belar artifizialekoetan bihurtzeko dirulaguntzarik bideratzen eta Udalaren eskaerari erantzunez, aurten dirulaguntza lerro hau ireki duela”. GFAk emandako laguntza inbertsioaren %16 da.