Legazpiko Agorreko Santikutz jaiak ostiral honetan hasiko dira. Lehen ekintza nagusia, 16.30ean haurren bizikleta festa izango da Euskal Herria plazan. Ekitaldia Telleriareko Txirrindulari Elkartearen eskutik antolatuta dago.

18.00etan sardina jana egingo dute plazan bertan, Lekanazpi elkartearen eskutik. 20.00ak arte, 2 euroren truke, pintxoa eta tragoa emango dituzte.18.30ean LEK erraldoi eta buruhandi konpartsak kalejira egingo du. Plazatik abiatuko dira. 19.30ean Burrunba elektrotxarangak erdiguneko kaleetan joko du, txosnen eskutik. Euskaltegitik abiatuko dira eta 21.00ak arte joko dute. 20.00etan bertso saioa izango da Nafarroa kalean, Bertso Olariak bertso eskolak sustaturik. Maider Arregik eta Beñat Gaztelumendik abestuko dute.

21.30ean kantu afaria egingo dute Gernika plazan, musika eskolaren eskutik. Ogitartekoak eta sagardoa eta ura izango dira. Eguraldiak lagunduko ez balu, Azokan egingo lukete.

Ostiraleko ekitaldiekin amaitzeko, 23.30ean txaranga batek erdigunean joko du eta ordu berean Neskatasuna eta Mutiko taldeek eta DJ Eukenek kontzertua egingo dute.

Larunbatez, 11.00etan, 40. sukaldari lehiaketa egingo dute. 11.30ean erraldoi alardea egingo dute. Legazpi, Errotxapea (Iruñea), Urretxu, Ororbia (Iruñea), Alde Zaharra (Iruñea) eta Ordiziako konpartsek parte hartuko dute. 14.00etan sukaldari lehiaketako sariak banatuko dituzte eta 15.00etan herri bazkaria egingo dute txosnetan.

15.30ean 3x3 saskibaloi txapelketa hasiko da Azokan, Andraitz taldeak sustaturik. 17.00etan Alarma Morea taldeak txosnetan joko du eta 17.30ean atletismoko 23. milia hiritarra hasiko da Aizkorri kalean, Goierri Garaia klubak sustaturik. 18.00etan erraldoi alardea egingo dute erdiguneko kaleetan, 19.00etan Kimuak taldeak GenEroa dantza ikuskizuna egingo du plazan, 19.30ean Mariachi Imperial taldeak erdiguneko kaleetan joko du eta 20.00etan Mexikoko talde horrek plazan joko du. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23.00etan txaranga batek erdiguneko kaleetan joko du eta ordu berean Bad Sound Systemek eta DJ Eromenak kontzertua egingo dute txosnetan. 

Jaiak igandean bukatuko dira. 9.00etan txistulariek joko dute, 9.30ean bola txapelketa jokatuko dute, 10.30ean hamaiketakoa egingo dute Korostiaga mendian, 11.00etan jolasak izango dira plazan eta meza Korostiagan, 11.45ean erromeria egingo dute Korostiagan, 12.30ean errondailak kalejira egingo du, 17.30ean haurrentzako ikuskizuna izango da plazan eta 19.00etan bandak kalejira egingo du. l