Bi-Tartean merkatari elkarteko kideek, Urretxuko eta Zumarragako udalekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Elkarrekin, onena aukeran kanpaina jarri dute martxan. Merkatarien marka irudia indartzeko erabiliko da. Merkatariei indibidualki eta elkarteari orokorrean ikusgarritasuna ematea da abian jarri berri duten kanpainaren asmoa.
Helburua hurbileko merkataritzaren marka identitatea eta errekonozimendua indartzea izango da. Merkatarien ikusgarritasuna azpimarratzea eta herritarrei elkartuta egotearen onurak adieraztea. “Izan ere, elkarrekin eskaintza komertzial sendoa osatzen dugu”, esan dute Bi-Tartean merkatari elkarteko kideek.
Soka urdin bat erabiliko dute metafora gisa, merkatarien arteko batasuna eta Urretxuko eta Zumarragako kalitatezko eskaintza irudikatzeko. Egitasmoan parte hartuko duen merkatari bakoitzak soka urdin zati bat izango du eta zati guztiak batuz soka urdin luze bat osatuko dute.
Astero, Urretxu eta Zumarragako merkatari talde bat izango da protagonista eta aste horretan beraien establezimenduetan egingo diren erosketen artean, merkatari bakoitzak erosketa bale baten zozketa egingo du. 30 euroko erosketa balea izango da eta dagokion establezimenduan gastatu beharko da.
Egunero, gainera, merkatari bati ikusgarritasuna emango zaio sareetan. Kanpaina hau Gabon egunen atarian bukatuko da eta amaiera ekitaldi bat egingo da herriko beste eragile bazuekin elkarlanean. Ekitaldi horretan merkatariek egingo duten bideoa emango dute.