Hernanik bi aste oso ditu Euskal Jaiak ospatzeko. Ostegun honetatik irailaren 21a arte ospatuko dira. Helburu nagusia euskal kulturaren alderik tradizionalenak goraipatzea izango da.
Egun hauetan zer gozatuaz egongo da, baina egun nagusiak asteburu honetan izango dira, batez ere hilaren 14a.
Honenbestez, larunbatean, goiz-goizetik, 10.00etatik aurrera, gauera arte izango da zer ikusi, zer dastatu eta zer egin: abeltzain eta baserriko produktuen azoka, antzinako jolasak, txakolin dastaketa, herri kirolak, erraldoi eta buruhandiak, bertsolariak, erromeria... Egun horretan, herritarrei euskal jantziak jantzita kalera ateratzeko deia egin zaie.
Igandean, 9.00etatik aurrera eta egun osoan, Sagarraren eta Sagardoaren eguna ospatuko da. Artisau azoka, trikitixa jaialdia, pilota partidak eta Kukairen Euskorleans kale ikuskizuna izango dira herrian.
Egun seinalatu hauetaz gain, ostegun honetan Erremontari herriz herri jaialdiari esker, erremonte partidak ikusteko aukera egongo da 18.00etatik aurrera kiroldegiko pilotalekuan.
Datorren astean, irailaren 20an Asturiar konexioa izenburupean, Euskal Herriko eta Asturiasko dantza eta musika emanaldia izango da 19.00etan Atsegindegin.
Euskal Jaiekin amaitzeko, irailaren 21ean erromeria izango da Oinkadarekin 18.00etan Plaza Berrian.
Euskal Jaien antolakuntzan herriko elkarte askok parte hartzen dute: San Joan konpartsa, Hernaniko Musika Banda, Herburu, Antzinako Jokoak, sagardogileak, Santa Barbara eta Kaxko auzo elkarteak, Kantuz abesbatza, pala eta pilota elkarteak, Herrilur, bertso eskola eta musika eskola eta musika elkarteak.