Lizarkolako zentral zaharrera zeraman hodia eusten zuen zubi edo pasabidea kentzeko lanak hasi dira aste honetan eta egun batzuk gehiago luzatzea aurreikusten da. Lan hauek URA Euskal Agentziaren eta Andoaingo Udalaren arteko lankidetza hitzarmen baten ondorioz gauzatzen ari dira.

Honela, URA ari da proiektuaz eta eraisketaz arduratzen, eta Udalak bere gain hartu du sortzen diren hondakinen kudeaketa.

Udaletik gogorazi dutenez, egitura hori arriskutsua zen, Leitzaran ibaitik behera zetozen enborrak eta bestelako materialak atxiki eta ibaian behera kalteak eragin zitzakeelako. Hala, aipatutako pasabidea eraistea ebatzi zen. 

Aldi berean, eraispen hau lankidetza zabalago baten barruan kokatzen dela azpimarratu dute. Izan ere, azken helburua Leitzarango ertzetako ingurumena pixkanaka lehengoratzea da. 

Udalaren asmoa da, esaterako, URAren eskutik, Olazar eta Olagain arteko espazioa lehengoratzea. Horretarako, lehenik eta behin, paper fabrikako eta Celulosetako enpresa zaharrak babesten zituzten hormigoizko hormak eta industria jardueraren eraginpeko lurzoru kutsatuak kendu beharko dira.

Zentraleko zubia kentzea lehen urratsa da eta urte honetan bertan egingo da Andoaingo Celulosas kokaleku zaharreko lurzoruen egoeraren esplorazio ikerketa.

URAk 2021ean aitzinako Leitzarango paper fabrikako (Galgo) presa eraitsi zuen. Horrenbestez, ibaiaren zati hori iragazkortzean faunaren zirkulazioa erraztu zen eta erabiltzen ez zen azpiegitura horrek eragindako ibai zatia naturalizatzea lortu zen.