Síguenos en redes sociales:

Usurbilek, herri zaintzailea gisa, aurrerapauso bat eman du

Usurbilek, herri zaintzailea gisa, aurrerapauso bat eman du

Eguneroko harremanaren ondorio, Usurbilgo merkatari eta ostalariek ohikoa dute bezeroen zaintza, eta beti egin izan duten hori saretzea dute orain helburu, merkatari zaintzaileen sarea deitutako ekimenaren bidez. Usurbil herri zaintzailea izan dadin beste urrats bat da.

Batez ere, ekimena adineko pertsonen zaintzari lotuta sortu da, nahiz eta ekimenaren onuradunak herriko dendetan erosten duten guztiak izan. Adinekoen kasuan, besteak beste, dendariek laguntza eskain diezaiekete eguneroko erosketak egiten jarraitu ahal izateko edo, dendetan sortzen diren solasaldien bidez, bakardadea saihesten. Ondo ezagu-tzen dituzte bezeroak eta konfian-tzazko harremanak sortzen dira bezeroen eta dendarien artean; dendariak, gainera, ikusten dituzten egoeren aurrean beti erne egoten dira. Haur eta nerabeei ere babesa eta leku segurua eskainiko diete, eta, behar izanez gero, saltokitik deitzen ere utziko diete, telefono mugikorren erabilera atzeratzeko ahaleginarekin bat eginez.

Proiektu honen aurkezpenean, Maider Irisarrik, Usurbilgo zaintza ekosistemaren arduradunak, merkataritza zaintzailearen inguruko azalpenak eman zituen. Haren esanetan, zaintza ekosistema propioa sortzeko prozesuan sortutako komunitate lantaldeak abiatu du merkataritza zaintzailearen ekimena. “Bezeroen ongizatea eta autonomia bermatzen laguntzeko ekintzak egiten dituzten merkatarien sare bat sortu dugu. Ez da ezer berria: herriko denda txikietan sortzen diren konfiantzazko harremanak eta merkatariek egiten duten zaintza lana aitortu eta ikusarazi nahi dugu”. Merkatari zaintzaileen sarearekin bat egin duten establezimenduek pegatina urdin bat izango dute jarrita atean, identifika-tzeko lagungarri gisa.

Irisarrik azaldu zuenez, ekimen honen bidez egoera zaurgarrien detekzioari lotuta, herritarren eta gizarte zerbitzuen artean komunikazio kanal bat zabaldu nahi dute. “Tokiko merkataritzak herriak bizirik mantentzen laguntzen du, eta, modu honetan, Usurbil herri zain-tzailea izatera heltzen laguntzen dute”.

Itziar Illarramendi da komunitate lantaldeko kideetako bat. Azaldu zuenez, merkatari zaintzaileen sarea izan da lantaldetik abiatutako lehenengo lana. “Beraiek aspalditik dira zaintzaile, zaintza lan isila eta diskretua egin izan dute beti, eta egiten jarraitzen dute”, Illarramendiren esanetan. Urrats bat harago joan, eta esparru hori zabaldu, konektatu eta sarea sortzea izan dute helburu: “Herri zaintzailea lortu nahi badugu, lan ugari, denbora dezente, baikortasuna barruan, tinkotasuna kanpoan... horrela jarri gara erronkari begira”.

Artzabalgo Gure Pakea jubilatuen elkarteko ile-apaintzailea da Ane Loidi. Nabarmendu zuenez, zaintza betidanik egin duten zerbait izan arren, sare bat sortzeak indarra ematen dio ohiko lan horri: “Batzuetan nora jo ez genekiela gelditzen ginen, eta orain badakigu”. “Lagun-tzeko gaude, beraz, lasai sartu gure denda edo establezimenduetara”, esan zuen.